Gaur hasiko dira Karmen kaleko jaiak

Gaur hasiko dira Karmen kaleko jaiak
2018/06/27 eta kitto!
Atseden txikia eta gero, hurrengo egunetan berriro ere jai giroa izango dugu Eibarren, gaur arratsaldean Karmen kaleko jaiak hasiko dira-eta. Urkizu aldean zentratuko dira ekitaldiak, baina eskaintzak zabala izaten jarraituko du haur, gazte eta helduentzat.
Gaur, asteazkena, umeak izango dira protagonista Karmen kalean. 16:30ean umeentzako txokolate-jana egingo da, 17:00etan umeentzako jokoak antolatu dira eta 19:00etan Gorriti eta bere abereekin jolasteko aukera izango dute gaztetxoek Karmen kaleko plazan.
Bihar, ekainak 28 (osteguna), 12:00etan, Karmen kaleko parkean egingo den toka eta igel-toka txapelketak izango dira goizez egingo diren ekintza bakarrak, baina arratsaldeko egitaraua beteta dator. 18:00etan Trio Medianochek emanaldia eskainiko du parkean, 19:00etan La Novena antzerki taldeko Ernesto Barrutia eta Isabel Gonzalezek ‘Cuadros de amor y humor al fresco’ ikuskizuna egingo dute, 20:00etan Kaleetan Kantuzekoek hartuko die txanda (21:00etan taldeari ongietorria egingo zaio eta piskolabisa egongo da Beheko Tokian) eta 21:30ean dantzaldia eskainiko du ‘Tukan’ taldeak.
San Pedro jaiekin amaitzeko, hilaren 29an, 12:00etan meza egongo da Carmen Parrokian Gospel Bilbao ahots taldearekin eta gero, 13:20ean, toka eta igel-toka txapelketaren banaketa eta piskolabisaren txanda iritsiko da.

San Pedroak Gospel