Gureak-ekoentzat bazkaria eta opariak Auzokoak elkartearen eskutik

Gureak-ekoentzat bazkaria eta opariak Auzokoak elkartearen eskutik
2013/01/10 eta kitto!

Gureak lantegi babestuetako kideentzat bazkaria antolatu du Auzokoak Urkizu inguruko elkarte gastronomikoen batzordeak, 1981. urtetik hona ohitura den bezala. Zapatu honetan (hilaren 12an, Erregeen ondorengo zapatuan) izango da bazkaria, Urkusu-Gain eta Erdi Bana elkarteetan (Urkizu, 1). Antolakuntzan Auzokoak osatzen duten beste 5 elkarte ere badaude: Bekuak, Denon Sahatsa, Dorrepe, Edozer eta Jaiki. Auzokoak osatzen duten elkarteak, berriz, Bekuak, Denon Sahatsa, Dorrepe, Edozer, Erdi-Bana, Jaiki eta Urkusu-Gain dira. Eta antolakuntza-taldean Felix Bergara eta José Teruel (Bekuak), Iñaki Arregui (Dorrepe), Rafa Martinez (Denon Sahatsa), Josu Mendicute (Edozer), Roke Trebiño (Jaiki), Jesus Mendiolea (Erdi Bana) eta Roberto Larreategi (Urkusu-Gain) daude.
Iazko edizioan sartutako berrikuntzetako bat Gureak-eko langileekin batera Garagune-ko kideek ere parte hartu zutela izan zen eta aurten ere bazkarirako gonbidapena egin diete. Bazkal ondoren dantzaldia eta opari zozketa egingo dituzte eta jarraian joandako guzti-guztientzako opariz betetako poltsa banatuko diete antolatzaileek. Euren berbetan, "opariak denda, enpresa, elkarte eta instituzioen laguntzaz lortu dira. Laguntzaileak 40 izan dira eta aurten berri batzuk badaude, hala nola Euskadi Irratia, EITB, Argatxin, Werth, Rosa Caballero, Eibarko Klub Deportiboa, AXA seguros, Bankoa, Ipar Kutxa, Gipuzkoako Foru Aldundia, José Charola S.A., Skunfunk, EAJ-PNV, PSE eta PP, iaz lortutako berri guztiez gain. Horiei guztiei eta lehenagotik laguntzen diharduten guztiei gure esker ona adierazi nahi diegu, euren laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke-eta ekimenarekin jarraitu ahal izatea". Ekimenaren finantziaziorako eta elkargoaren funtzionamendurako, languntzaileez gain, elkarte guztiek kuota bat ordaintzen dute urtero.