Jaixak Herrixak Herrixandako: “Bazkariko 700 lagunekin alderatuz, lagun gutxi gabiltza prestaketan”

Jaixak Herrixak Herrixandako: “Bazkariko 700 lagunekin alderatuz, lagun gutxi gabiltza prestaketan”
2019/05/24 eta kitto!
Hilabete falta da Sanjuanak hasteko, baina Jaixak Herrixak Herrixandako kolektiboak martxoaren hasieratik dihardu egitaraua prestatzen. Ekintza mordoa prestatzen dituzte urtero eta herritarren parte-hartzea handia da. Egitaraua prestatzeko jende gehiago behar dela diote eta beso zabalik hartuko lukete jai herrikoi, feminista, parte-hartzaile eta euskaldunak antolatzeko prest dagoen jendea. Eurek dioten bezala: “ez da magia, herri-lana da”.

 

- Zer moduz doa Sanjuanetako egitarauaren prestaketa?

Jende gutxi etorri da behar dena prestatzeko. Lan-taldeak sortu ditugu eta baliteke nahiz eta bilera orokorretara ez joan atzetik lan egiten duen jendea egotea, baina jende gehiago behar da Sanjuanetako egitarau herrikoi, feminista, parte-hartzaile eta euskalduna sortzeko. Herri bazkarian batzen garen 700 lagunekin alderatuz, lagun gutxi gabiltza prestaketan.

- Beti izan da horrela?

Azken urteetako joera da, gero eta jende gehiago joan delako bazkaltzera, baina antolakuntzan jendea falta dela agerian geratu da orain. Taldean beti egon da sartu eta irten den jendea, baina belaunaldi berriekin beherakada igarri dugu.

- Zein asmo duzue aurtengo egitarauari begira?

Bileretan proposamen irekien erronda egin genuen jendeak zer nahi zuen jakiteko eta aurreko urteetako jardunarekin gustora gaudela ikusi dugu. Beraz, lerro bera jarraituko dugu. Hori bai, protokolo feminista indartu behar da eta orain jai feminista aldarrikatzen dugu, parekidea beharrean. Bost eguneko egitaraua prestatzen dihardugu, ekainaren 21etik 25era. Iaz arrakasta eduki zuen munduko janarien pintxo-potea berriz egingo dugu, 23an herri bazkaria, kontzertuak, elektrotxaranga, presoen aldeko bazkariaren aurretik marianito artean musika jarriko duen DJ-a, jolasak... Eta aurten arratsaldeko egitaraua indartzen saiatu gara, eguna gehiago aprobetxatzeko eta umeak kontuan hartzeko.

- Arazorik izan duzue egitaraua prestatzeko orduan?

Beti jartzen dizkigute trabak. Txosnak barrakak jartzen diren tokian kokatzea da gure helburua. Beti proposatzen dugu hori, baina ezer ere ez. Bestetik, Udalak diru-laguntza ematen digu, nahiko murritza, baina aurten bikoiztu egin digute. Harrituta geratu gara, baina ondo. Gainera, aurten soinu-teknikari berriak izango ditugu eta pozik gaude, aurreko urteetakoak oso txarrak eta ganorabakoak zirelako.

- Hilabeteetako lana egiten duzue bost eguneko egitaraua osatzeko. Nola antolatzen zarete?

Lehenengo bilera irekian lan-taldeak antolatzen ditugu, bakoitzak nahi duena egin dezan. Lan-talde bakoitzak bere modura egiten du lan eta barixakuetan bilera irekiak egiten ditugu. Aurten ‘talde-motorra’ sortu dugu, lan-taldeen jarduna dinamizatzeko. Ondo koordinatzeko eta ikuspegi orokorra mantentzeko balio digu.

- Lan handia da, baina prestaketan ere ondo pasatzeko aukera izaten duzue?

Bai, noski! Lagun arteko giroa dago taldean. Gainera, bidean jende ezberdina ezagutzen dugu. Normalean zure kuadrillakoekin sartzen zara taldean, baina beste jende askorekin elkartzeko aukera sortzen da.

- Oraindik jende berria sartu daiteke taldean?

Bai, beti animatzen dugu jende berria etortzeko. Barixakuetan, euririk egiten ez badu, Txantxa-Zelain batzen gara, bestela Deporren.