Jaixak Herrixak Herrixandakok egitaraua prestatu du sanjuanetarako

Jaixak Herrixak Herrixandakok egitaraua prestatu du sanjuanetarako
2021/06/18 eta kitto!
Aurten ere, pandemiak hala behartuta, ezin izango dira ohi bezala herriko jaiak ospatu. Hala ere, Eibarko gazteak ez dira geldik geratu, eta nola edo hala herriko jaietako egitaraua prestatu dute, betiere osasun-neurriak zainduz. Jaixak Herrixak Herrixandakok kalera irteteko deia egin du, jai herrikoi, euskaldun, feminista eta parte-hartzaileak aldarrikatzeko.

EGITARAUA DESKARGATZEKO


Nola ikusten duzue aurtengo egoera aurreko urtekoarekin alderatuta?

Aurreko urtean nahiko ezustean harrapatu gintuen egoerak sanjuanetan, eta ez genuen irtenbide askorik izan. Aurten, ordea, denboraz aritu gara gauzak behar bezala pentsatzeko eta alternatibak bilatzeko. Argi dago ohiko egitaraua ezin dela mantendu, baina egoerara egokitutako ekintzak antolatu ditugu.

Zein egitarau prestatu duzue?

Egitaraua, batez ere, ekainaren 23an zentratuko da, hau da, gazte egunean. Goizean kalejira aldarrikatzailea egingo dugu, manifestazio formatuan eta jaigiroa bermatuz. Kale-agerraldi horren helburua aisialdiaren pribatizazioaren aurkako aldarrikapena egitea da. Behin kalejira amaituta, talde-argazkia egingo dugu Untzagako plazan, eta, ondoren, irekiera eta txupinazoari hasiera emango diegu txosnagunean. Eguerdian, herri-bazkari aurogestionatua egingo da, alegia, nork bere bazkaria ekarri beharko du. Arratsaldean, jolasak egingo ditugu barrakak egon ohi diren Txalxa Zelaiko tokian, eta, gainera, mikro irekia zabalduko dugu kioskoan. Amaitzeko, gure herriko tradizioari eutsiz, sanjuan sua egingo dugu, ikuskizun formatuan, jendearen parte-hartzerik gabe. Aipatutako ekintza guztietan segurtasun-neurriak zainduko dira uneoro, momentuan indarrean dauden arauak errespetatuz.

topa sanjuanak 2020 (1)

Aurten, beraz, egun bakarreko jaiak ospatuko dira?

Nahiz eta ekintza garrantzitsuenak 23rako antolatu ditugun, 24an eta 25ean ere modu batera edo bestera jarraipena egingo da. Eguenean, esaterako, mozorro eguna izan ohi denez, deialdia egingo dugu jendea mozorratu dadin. Barixakuan, Sarek, Jai Batzordeak eta Gazte Mugimenduak jaigiroa eskainiko dute, ekintza ezberdinak eginez.

Babes ekonomikoa jaso duzue egitaraua aurrera eraman ahal izateko?

Udalak nahiko traba jarri dizkigu gure proposamena aurrera eraman ahal izateko eta oraindik ez dugu erantzun ofizialik jaso. Ikusita apirilean egindako gazte topaketetan ondo jokatu genuela eta segurtasun-neurriak bete genituela, harritu egiten gaitu sanjuanetan hainbeste zailtasun izateak ekintzak antolatzeko.

bilera 4 (1)

Herritarren partetik laguntza jaso duzue prozesuan zehar?

Beste urte batzuekin alderatuta, antolatzaileen artean beherakada itzela igartzen da. Egoera nola dagoen ikusita, ez dugu parte-hartzaile askorik espero. Hala ere, belaunaldi berriak gogotsu datoz eta asko eskertzen da jende berriaren motibazioa.

Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei?

Antolatzaileak ahalegin handia egiten gabiltza ahalik eta egitarau erakargarri eta politena lortzeko. Guk aisialdi euskaldun, feminista, herrikoi eta partehartzaile baten aldeko apustua egiten dugu. Nahiz eta egoerak ez digun nahi beste ekintza antolatzen lagatzen, sanjuanak oso data bereziak dira eibartarrontzat eta egitarau berezia prestatu nahi izan dugu.