Kofradixa Egunak eta Arrate izenekoen ospakizunak ederto girotu zuten Arrate

Kofradixa Egunak eta Arrate izenekoen ospakizunak ederto girotu zuten Arrate
2019/09/16 eta kitto!
Arrateko Amaren eguna ospatu ostean, atzo berriz ere jai giroa nagusitu zen Arraten, Baserritar Jubilatu eta Kofradixa Egunaren harira antolatu ziren jarduerei esker. Urtero lez, goizean egin zen Simon Aldazabal XXIV. Antxitxiketaldia eta Arrateko santutegian, berriz, 11:00etan hasi zen bertsolariek lagundutako Meza Nagusia. Hori amaitu eta jarraian, Arrateko Amaren irudia prozesioan atera zuten Kofradixako kideek, Usartza Txistulari Taldekoek lagunduta eta eguerdian hasi zen Udalak urtero antolatzen duen paella lehiaketa. Aurten beste batzuetan baino parte-hartzaile gutxiago egon ziren, baina, hala ere, animatu ziren bikoteak primerako giroan prestatu zituzten ondoren jan zituzten paella ederrak. Eta, egitaraua agurtzeko, arratsaldean idi-probak hartu zituen probalekuak. Ordura arte eguraldia lagun izan zuten arren, arratsaldeko lehen orduan euria hasi zen eta, beraz, lehen idi-pareak euripean egin behar izan zuen proba eta Udalak ematen duen Arrateko Amaren Saria arratsaldeko hirugarren idi-pareak, Galder Bolañosenak (Oliden) eskuratu zuen, ordu erdiko tartean 54 plaza egin eta gero. Bestalde, aurten 23. edizoa bete duen Arrate izenekoen jaiak Kofradixa Egunarekin bat egin du eta, hori ospatzeko elkartu ziren andrek urteroko planari jarraitu zioten: euretako batzuk oinez igo ziren Arrateraino, Ama Birjinaren pausoen bide zaharretik eta, denak Arraten elkartu eta gero, meza, bazkaria, jolasak eta bestelakoak tartean zirela, egun zoragarria pasatu zuten. ATZO ARRATEN EGINDAKO ARGAZKIAK GURE MEDIATEKAN AURKITUKO DITUZUE.

https://youtu.be/pXTJ9A_MdMw