Kontzertu apartak inguru paregabean (Arrateko jaiak)

Kontzertu apartak inguru paregabean (Arrateko jaiak)
2018/09/06 09:40
eta kitto!
Arrateko zelaiak maila handiko musika taldeak jaso ditu azkeneko urteetan. Euskal musikaren munduan izen eta ospe handiko taldeak, lehen pausoak indartsu ematen dituzten bandak eta eibartarron talde kuttunak etorri dira Arrateko jaietara. Aurreko urteetako maila handia izan da, baina aurtengo kartela aparta da. Atom Rhumba eta Anita Parker euskal talde handien presentzia gutxi ez bada, The Baboon Show talde suediarrak asteburua borobilduko du.

 

Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzorde herrikoiak mimo handiz prestatu ohi du Arrateko jaietako egitaraua, abuztuko oporrak gozatu eta gero lagun eta ezagunak berriz elkar ikusteko festa aproposak. Egitarauari jaramon eginez gero, barixaku eta zapatu gauetan egingo diren kontzertuek ematen dute atentzioa. Egun bietan 23:00etan hasiko da ikuskizuna. Amaiera, norberaren esku.

Arrate Eguneko bezpera indartsua izan ohi da eta aurten, barixakua izanda, are gehiago. Kontzertu hirukoitza izango da Arrateko zelaian, munduan zehar euren musikaren berri eman duten hiru talde izango dira oholtzan. Hasteko, Atom Rhumba. 20 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du talde bilbotarrak eta, zazpi urteko atsedena eta gero, disko berria kaleratu zuen urte hasieran (Cosmic Lexicon). Diskoek Atom Rhumbaren musikaz gozatzeko aukera ematen badute ere, zuzenekoetan nabarmentzen da talde rockero arrakastatsu hau. “Gure habitat naturala da”, esan izan dute taldekideek. Etxean bezala joko dute Arraten.

Bilbotarren zuzeneko indartsuak beste ikuskizun erraldoi bati utziko dio tokia. Suediako zuzeneko musika talde onenen artean jarri izan dute The Baboon Show eta Cecilia Boström abeslari energetikoak hori berretsi nahi izango du Arraten. Punk talde suediarrak mundua konkistatu du, baina Niclas Svensson bateria-joleak elkarrizketa batean esan zuen moduan, “Euskal Herria oso berezia da”. Suediarren musikak arrakasta lortzeko toki aproposa izan daiteke Arrate.

Eskandinaviarrek astindu ederra emango diote Arrateko zelaiari, baina gaua ez da hor amaituko. Abuztuan Japonian pintxatzen ibili den DJ Elepuntok girotuko ditu gaueko ordu txikiak. Ondarruko Apallu tabernan eta Kafe Antzokiak hasi zuen bere ibilbide musikala DJ Elepuntok, eta Euskal Herriko jai nagusietan eta jaialdietan (Hatortxurock, 40 minutu Rock...) pintxatu izan du.

 

Anita Parker Arrate Egunean

Magikoa izan ohi da gautxoriek eta goizean goiz Arratera oinez igotzen direnek elkarrekin topo egiten duten momentua. Magikoagoa izango da, ordea, Arrate Egunean gaua nagusituko denean Anita Parker taldeak eskainiko duen kontzertua. Swing doinuak ekarriko dituzte arrasatearrek. Talde gaztea da, 2017an sortutakoa, baina eskarmentu handiko musikariek osatzen dute. Demaseko arrakasta izan du Anita Parkerren proposamen musikalak eta Japonia eta Koreara bidean jarriko dira aste gutxi barru. Arraten bizitako gau magikoaren berri eman ahal izango dute Asia aldean.

Agur esatea zaila da, baina denak du amaiera bat. Anita Parkerren kontzertua eta gero DJ batek musika jarriko du Arrate jaiei amaiera emateko, nahiz eta asteburuko erritmoen taupadak bizirik jarraituko duen Arrateko zelaian.