Sagardo Egunak Untzaga beteko du zapatuan

Sagardo Egunak Untzaga beteko du zapatuan
2012/10/05 eta kitto!

1993an ekin zion …eta kitto! Euskara Elkarteak Sagardo Eguna antolatzeari, baina orain lau urte geldiunea egin eta gero, guztiz aldatu zen egun handi hori. Egun osoko ekitaldia egitea erabaki eta gero, iaz Gorenak Sagardoak markako lagunekin elkarlana hasi zuen elkarteak: Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Barkaiztegi (Donostia), Begiristain (Ikastegieta), Egi-Luze (Errenteria), Gartziategi (Astigarraga), GAztañaga (Andoain), Gurutzeta (Astigarraga), Isastegi (Tolosa), Olaizola (Hernani), Sarasola (Asteasu), Zapirain (Astigarraga) eta Zelaia (Hernani) sagardotegietako sagardoa banatuko da. Goizez eta arratsaldez egindako ekitaldiak dira gaur egun. Gainera, urtero berritasunak sartzea da helburu, eta aurten ere horietako bat izango da.
Sei euroren truke
Mota biko tiket edo baleak izango dira salgai eguerdiko 12etatik aurrera, udaletxe parean izango den salmenta puntuan. Tiket nagusiak sei euro balioko du eta urteroko moduan horren trukean edalontzia, zapia, pintxoa eta txotx-a izango dira. Pintxoetan aukera bi izango dira, txorizoa eta gazta; pintxo horren balea izango da bigarren aukerakoa. 1,50 euroko prezioarekin beste pintxo bat jateko aukera izango duzue. Udaletxe parean izango dituzue bale salmenta eta edalontzien banaketa.
Sagar bilketa lehiaketa
Eibartar gaztetxoek ondo pasatzen dute Sagardo Egunean. Aurten erakusketa ikusteko aukera izateaz gain, eurendako lehiaketatxo bat ere izango da. Euskal Herriko  sagardogileak lanez lepo dabiltza egunotan, izan ere, sagarrak batzeko sasoia dugu asteotan. Horregatik, 13.00etik aurrera, gaztetxoenak taldeka ipini eta sagar bilketa egingo dute Untzaga erdian horretarako jarriko den gunean. Zeinek jasoko ditu azkarren ...eta kitto!k ipinitako sagarrak?
Erakusketa
Sagarraren eta sagardoaren ingurukoa Eibarren erakusteko aukera bat izaten da zapatukoa. Hori dela eta, erakusketa prestatu du Elkarteak aurten ere. Izan ere, Euskal Herrian sagarrondo asko dago, leku askotan egiten da sagardoa eta horrek bere dinamika eta lan prozesua ditu. Baina, gainera, bazenekien Euskal Herrian dugun sagar kopuru eta mota izugarri handia zela? Zapaturako hamasei aukeratu dira eta horien berri emango da erakusketan. Gainera, sagardoa egiteko ematen den prozesua ere ikusi ahal izango da.
#SagardoEguna euskaraz Twitter eta Facebook-en
...eta kitto!k iaz egin zuen lehenengoz Twitter eta Facebook bitarteko #SagardoEguna-ren kontakizuna. Aurten, baina, eibartarren laguntasuna beharko du elkarteak. Zergatik ez dugu euskaraz kontatzen zapatuan Untzagan gertatzen dena? Egingo dugu zozketa bat
parte hartzaile guztien artean? Gaur egun hain garrantzitsuak diren sare sozialetan txokoa eman nahi dio ...eta kitto!-k, euskarak bere txokoa izan dezan Twitter eta  Facebook-en: erabili dezagun #SagardoEguna hitz gakoa eta ikusi dadila interneten zertan dabiltzan eibartarrak zapatuan. Hori guztia lortzeko asmoarekin, Twitter eta Facebook erabiliko dira, Sagardo Egunak eta euskarak lekua izan dezan bi sare sozial horietan.
Azken hiru urteetan Untzagan musika entzuteaz gain, esatari batek girotu du jaialdia, baina aurten zuek izango zarete protagonista: twitter bitartez egun horretan Untzagan dagoen giroa adieraziko dugu #SagardoEguna hitz gakoa erabilita. Gure esatariak jasotzen ditugun mezuak irakurriko ditu, #sagardoegunean bizitako #unegorenak ezagutarazteko. Animatu eta idatzi zein izan den Untzagara sartu zarenean bizi
izan duzuna, zeinekin zauden, gustokoen izan duzun sagardoa, nahi izanez gero, idatzi zure bizitzako une gorena.
Gertatzen den guztiaren berri @etakitto-k emateaz gain, Untzagan dagoen jendeak ere eman ahal izango du, euskal komunitateak jakin dezan #eibar-en ere Sagardo Eguna indartsua dela. Jasotako tweet guztien artean zozketa egingo du ...eta kitto!-k urriaren 10ean eta datorren asteko alean, tweet esanguratsu, interesgarri edo originalenak kaleratuko ditu.
Zozketaren irabazleak Gorenakeko hamahiru sagardotegietako botila bana irabaziko du.
Argazkiak Facebook-eko orrian. Azken urtean ...eta kitto! Euskara Elkartearen  webgunean (www.etakitto.com) eta Facebookeko orrialdean argazki-bildumek arrakasta handia dute. Bisita kopuruak gora egin du nabarmen, eta horrelako egunetan gehiago.
Hori jakinda, zapatuan bertan izango dituzue #SagardoEguneko argazkiak Facebook-eko orrialdean. Goizean egindako argazkiak arratsalderako izango dituzue zintzilikatuta
eta arratsaldekoak domekan bertan izango dira ikusgai. Jendez gainezka egiten du Untzagako plazak urriaren lehenengo zapatuan. #SagardoEguna urteko zita garrantzitsua bihurtu da herrian. Gorenak markako hamahiru sagardoak probatzeko aukera izango duzue, argazkiak egiteko aukera, Twitter eta Facebook-en egunean egindakoak komentatzeko aukera. Giro paregabean, euskaraz, euskal kultura eta gure ekonomian hain garrantzitsua den sagardoa zuen eskura izango duzue.