Sariz betetako Kittonbolia Arrate egun osoan martxan

Sariz betetako Kittonbolia Arrate egun osoan martxan
2012/09/07 eta kitto!

BEZa ez da igo Arratietako Kittonbolan; hasieratik egiten den moduan, euro baten truke sariz beteta edukiko duzue ...eta kitto! Euskara Elkarteak prestatzen duen Kittonbolia. Zapatua izanik, jende asko espero da aurtengo arratietan, baina badago oparirik zuen zain. Euro bat jokatuta, etxerako bidean besapean oparia eramateko aukera handia izango dute bertara gerturatzen diren guztiek. Hurrengo orri bietan dituzuen enpresa, denda eta komertzioei esker, Kittonbolia sariz betetzea lortu dugu.
Sari gehiago
Inoiz baino sari gehiago lortu ditugu, guztira 5.000 saritik gora. Apirilaz geroztik dihardugu sariak jasotzen eta datorren zapatuan guztiak izango ditugu Arraten, banatzeko prest.
Zortea guztion esku izateko asmoarekin antolatu dugu berriro ere Arrateko tonbola berezia. Baina Kittonbolia zortea zirikatzeko tonbola baino gehiago da, ...eta kitto! Euskara Elkartearen proiektuari laguntzeko modua ere bada, Eibarren euskara bultzatzeko modua; hori bai, parte hartzen duen eibartarrak saria jasotzeko aukera asko ere badu. Diru-laguntzak behera doazen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoak dira horrelako ekimenak Euskara Elkartearendako.
Gainera, eibartarrek eskainitako laguntasunak gure egunerokotasunean
egiten ditugun ekitaldietan, aldizkariaren argitaratzean eta abarrean
eragin zuzena izango du. Urte osoan zehar lanean jarraituko du …eta kitto! Euskara Elkarteak Eibarren euskara bultzatu eta indartu nahian, eta horrelako egunek asko laguntzen dute.
10.00etatik aurrera zabalik
Betiko moduan, sariren bat irabazteko aukera ez da txikia izango, telebistak, afariak, urdaiazpikoak, edertasun tratamenduak, etxeko tresnak, kamisetak, CDak, MP-5a, bizikleta, Nintendo DSa, otarrak etabar luzea. Guztira 5.000 sari baino gehiago. Hori guztia lortzeko ezinbestekoa izan dugu hainbat denda, enpresa eta elkarteren kolaborazioa. Beraz, Arrate egunean elkar ikusiko dugula espero dugu. Goizeko 06.00ak bueltan izango gara Arraten azkeneko antolaketa lanak egiteko eta 10.00ak puntuan salduko dugu lehenengo boletoa.
Ikasturte berria hasiko dugu guztiok egunotan; horri aurre egiteko jai giroa baino hoberik ez dago eta Arrateetako jaiak eta Kittonboliak, besteak beste, hori dute helburu, ikasturte berria ezin hobeto hastea. Tonbolako sariak zure zain daude. Zorte on guztioi!