Su Ta Garrek eta Fangoriak emango dituzte aurtengo sanjuanetako kontzertu nagusiak

Su Ta Garrek eta Fangoriak emango dituzte aurtengo sanjuanetako kontzertu nagusiak
2023/03/07 eta kitto!
Gaur goizean eman dituzte ezagutzera aurten San Juan jaietarako Udalak antolatu dituen kontzertu nagusiak Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura eta Jaietako zinegotziak, Jose Luis Gonzalez “Poxpolo” teknikariarekin batera: Su Ta Gar talde eibartarrak eta Fangoriak eskainiko dituzte, ekainaren 16an eta 17an.

Ekainaren 16ko (barixakua) kontzertua Su Ta Garrek emango du, 22:00etatik aurrera. Azaldu dutenez, “Eibarko taldeak estudioan grabatutako ‘Alarma’ tituluko bere hamabigarren diskoa aurkeztuko du Untzaga plazan. 35 urteko ibilbidean, talde eibartarrak hamabi aldiz jo du bere herrian eta hainbat eszenatoki zapaldu ditu; besteak beste, Ipuruako kiroldegia, Coliseo antzokia, Amaña auzoa edo Untzaga plaza. Ibilbide luzea izan arren, Su Ta Gar publikoa erakartzen jarraitzen duen taldea da, eta oraingoan bere azken diskoko hamaika kantuak aurkeztuko ditu. Hala, beste behin, aukera izango dugu Aitor Gorosabelek, Xabi Bastidak, Galder Arrillagak eta Igor Diezek osatzen duten Su Ta Gar Eibarren zuzenean entzuteko”.

Eta hurrengo egunean, ekainaren 17an (zapatua), Alaska eta Nacho Canut buru dituen Fangoria taldearen kontzertua egingo da Untzaga plazan, 23:00etatik aurrera. Fangoriak, 1989an sortutako taldeak estudioko 14 bilduma eta 71 single eta EP ditu. Bi kontzertu hauek aurtengo sanjoanetako musika-eskaintza nagusia osatzen badute ere, Jon Iraolak eta Patxi Lejardik iragarri dute jaietako musika-programazioan beste emanaldi batzuk ere izango direla, eta Eibarko jaien programazioa itxi ahala ezagutaraziko direla.

Gaur egindako aurkezpenean adierazi dutenez, Su Ta Gar eta Fangoria Eibarren egoteak “ahalegin ekonomiko handia eskatzen du, baina seguru gaude merezi duela, eta espero dugu Eibarko eta beste herri batzuetako jendea etortzea”.