Txosnagunea hankaz gora jartzeko moduko egitaraua prestatu du Eibarko Jai Batzordeak

Txosnagunea hankaz gora jartzeko moduko egitaraua prestatu du Eibarko Jai Batzordeak
2022/06/22 eta kitto!
Bihar, San Juan bezperan, jaiak eztanda egingo du Eibarren. Bi urte San Juan jaiak ospatu barik urte asko dira eta Eibarko Jai Batzordeak inoiz baino gogo gehiagorekin prestatu du jaietako egitaraua. “Txosnagunea hankaz gora jartzera goaz”, diotenez.

Bihar hasita 26ra arte mila ekintza prestatu dituzte, baina eurek askotan esan bezala, “ez da magia, herri-lana da”. Horrela, martxoan hasi zituzten egitaraua prestatzeko lanak eta lehenengo bilera irekiak arrakasta handia izan zuen. “Jende asko bildu zen Kultun”, azaldu digute Eibarko Jai Batzordeko Haizea Lasagabasterrek eta Maitane Fariñasek. Normala, San Juan jaiez behar bezala gozatzeko dagoen gogoa kontuan hartuta, eta ondoren ere, nahiz eta parte-hartzaile kopurua murriztu, jende berriak parte hartu duela diote jai batzordetik. “Poliki-poliki jende gazteagoa hurbildu da, baina normala da hasiera batean lotsa ematea”, zehaztu digute.

 

Txosnak Txaltxa Zelaian

Pandemia aurreko azken urteotan bezala, Txosnagunea Txaltxa Zelaian jarriko dute. Zazpi txosna egongo dira guztira elkarte eta eragile hauen eskutik: Jaixak Herrixak Herrixandako, Matraka!, Ernai, Gaztetxea, Eibartarrak FT, Sare eta EH Bildu.

Txosnak San Juan bezperan zabalduko dituzte, 14:30ean, baina aurretik kamisetak banatuko dituzte eta, herri-bazkarirako berotzen joateko, trikipoteoa egingo da herriko kaleetan.

Artikulu hau argitaratzen denerako herri-bazkarirako sarrerak agortuta egongo dira seguruenik. Beraz, esan daiteke 700 lagun bilduko direla Untzagan elkarrekin bazkaltzeko.

Ez da egingo den bazkari bakarra izango. Izan ere, ekainaren 25ean presoen aldeko bazkaria egingo da 14:30ak inguruan. Bertan parte hartzeko jai batzordearekin harremanetan jarri daiteke edo, bestela, txosnetan galdetu daiteke.

 

Mota askotako ekintzak

Eibarko Jai Batzordeak mota askotako ekintzak prestatu ditu. “Gustura gaude prestatu dugun egitarauarekin”, esan digute. Bihar, adibidez, herri-bazkariaren ostean ohikoak diren jolasak egingo dira eta goizeko orduetan, 04:00etan, berritasun bat: irrintzi-txapelketa. Bihar kanporaketak jokatuko dira eta finala barixakuan izango da.

Hilaren 25ean bi berritasun izango ditugu. Batetik, 19:00etan, twerking tailerra eskaniko dute eta gero, 21:00etan, giza futbolin txapelketa jokatuko da. “Barre asko egingo dugula uste dugu”, diote jai batzordekoek gogotsu.

Musikak, nola ez, protagonismo berezia izango du egun guztietan. Bihar arratsaldean, ondo jan eta jolastu ondoren, 19:30ak inguruan, Elektro Txufla elektrotxarangak kalejira eskainiko du. Eta gauean, San Juan suaren ondoren, Kete Kalles eta Enziska 2 taldeek kontzertua eskainiko dute. Kete Kalles talde kataluniarrak runba, funk, hip hop eta soul doinuak lantzen ditu; eta Alegria-Dulantziko Enziska 2 taldeak Kaos Etiliko, EH Sukarra, La Polla Records eta beste hainbat talderen bertsioak egiten ditu.

24an, barixakua, Feten Señoren kamioiak herriko kaleak zeharkatuko ditu 19:00etatik aurrera eta gauean, 23:00etan, kontzertu hirukoitza egongo da Silitia, Liher, eta Maixa eta Malakiasen eskutik. Silitia bikote bilbotarraren estiloa zaila da deskribatzen: musika egiten dute eta kitto. Liher taldeari buruz asko esan daiteke, baina Lide Hernandoren ahotsa entzutea nahikoa izan daiteke talde honek duen dimentsioa ulertzeko. Eta azkenik, Maixa eta Malakiasen izango ditugu Txaltxa Zelaian, jendea dantzan jarriko eta aho zabalik lagako duen proposamenarekin.

Zapatuan, presoen aldeko bazkariaren ondoren, 17:00ak inguruan, Zumarragako Alarma Morea hirukoteak bazkalostea girotuko du bere musika alaiarekin, gitarra akustikoaren laguntzaz runba doinuak ekarriko baititu. Iluntzean, ostera, Sofokaos eta Sakabidean talde nafarrek bestelako musika eskainiko dute. Antsoaingo Sofokaos taldeak punk rocka egiten du eta Iruñerriko Skabideanek, bere izenak dioen bezala, ska dantzatzen jarriko du Txaltxa Zelaia.

Jaietako musikarekin amaitzeko, 25 gaueko festa aprobetxatuta, 08:00etan karropoteoa egingo da Miren Gisasolak girotuta.

 

Gazte Egunak 15 urte

Aurten Gazte Egunaren 15. urteurrena betetzen da eta sasoi hartan jai herrikoiak antolatzen ibili zirenei omenaldia eskainiko diete ekainaren 24an, 18:00ak inguruan. “Ekitaldi sorpresa izango da, baina merezitako omenaldia eskaini nahi diegu”, esan digute jai batzordetik.

Txosnagunea gune segurua izan dadin, bestalde, eguaztenean Brigada Morearen asanblada irekia egin zuten. Bertan, erasoak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko tresnak emateaz gain, Sanjuanetako protokoloa azaldu zuten. Dena dela, saio gehiago egingo dituzte jaien inguruko eragileei eta tabernei informazio hori emateko, eta kontzientzia zabaltzeko.

Eta azkenerako bi ohar: Eibarko Jai Batzordekoek esan digute oraindik rifa batzuk dituztela salgai eta, gainera, sorpresak egongo direla datozen egunotan, Txolopotearekin batera beste gauza bat erosteko aukera egongo delako.

txosnak egitaraua