Urkiko jaiak ospatuko dira bihar

Urkiko jaiak ospatuko dira bihar
2023/06/02 eta kitto!
Urkiko jaiak antolatzeko ardura duten auzokideek iaz aurreratu zuten bezala, aurtengo egitaraua askoz xumeagoa da, aurreko urteetan prestatzen zituzten programekin alderatuz gero. Izan ere, aspalditik ari ziren esaten antolaketa-lanetan laguntzeko erreleborik ez zegoela eta, gauzak horrela, zapaturako prestatu dituzten jarduerekin ospatuko dituzte jaiak oraingoan, bihar goizetik hasita: 11:00etan hasiko da X. Txiki-krosa, Urki Kurutzekuan, eta 12:00etan XXIII. Paella Lehiaketa, Nuevo tabernaren atzealdean. Arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara Irulitxa txarangakoak ibiliko dira, kalejiran. Eta gauean Capitan Mercuryk kontzertua emango du, Queen taldearen musika oinarritzat duen ikuskizuna eskaintzeko. Rioja eta Bodega tabernen aldamenean izango da, 23:30etik aurrera.

 

Galdaramiñora igoera eta Atzegiren martxa ekainaren 11n

Bestalde, jaien barruan egin ohi den Galdaramiñora igoera datorren asteburuko domekan, ekainaren 11n egingo da. Irteera Urki auzoan izango da, 09:30ean, eta ibilbideak 18 kilometroko luzeera eta 900 metroko desnibela dauka. Guztira lau mendi igarotzen dira; Galdaramiño (669 m), Azkonabitza (726 m), Topinburu (590 m) eta Ilordo (541 m). Antolatzaileek diotenez, “parte-hartzaileek oinez zein antxintxika burutu dezakete, eta indarrak berreskuratzeko bost hornidura-postu izango dituzte.

Helmugan kamiseta bana oparituko zaie guztiei, eta sari banaketa ere izango da”. Izen-ematea kirolprobak.com webgunean edo egunean bertan egin daiteke. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “Galdaramiñoren bihotza Atzegikoak dira, adimen desgaitasuna dutenei laguntzen dieten taldekoak. Bi ibilbide ezberdin burutzen dituzte, bakoitzaren ezaugarrien arabera. Horrela, denon artean, kirol egokitua bultzatzen dugu”.