Ustekabe txarangak hirutan hartuko du parte Donostiako danborradan, beste horrenbeste konpainiarekin

Ustekabe txarangak hirutan hartuko du parte Donostiako danborradan, beste horrenbeste konpainiarekin
2023/01/19 18:29
eta kitto!
Ustekabe txarangako musikoak Donostiara joango dira, San Sebastian eguna dela eta, gaur gauerdian hasi eta 24 orduz iraungo duen danborradan parte hartzeko. Fanfarreak hamar urte baino gehiago daramatza Donostiako danborradan parte hartzen, baina aurten ahalegin berezia egingo du txarangak, danborradako hiru konpainiarekin arituko baitira eibartarrak. Hitzordu hirukoitza daukate aurretik, beraz.
Lehen hitzordua honezkero klasiko bat da Ustekabekoentzat, hamarkada bat eta gero: Bergara kaleko Antonio taberna ospetsuaren konpainiarekin arituko dira, erdialdean, goizaldeko 01:00ean hasi eta goizeko 05:00ak arte. Gipuzkoa Plaza, Boulevarda edo Kontxa Pasealekua bezalako toki ezagunak zeharkatu ondoren, Londres eta Ingalaterrako hotela igaro eta Blas de Lezo kalean amaituko dute emanaldia.
Ordu batzuetan atseden hartu eta gero, aurten lehen aldiz irtengo den Itxaspe konpainia sortu berriarekin batera joko dute eibartarrek. Kalejira bihar goizeko 11:00etan hasiko da, Jose Maria Sert plazan, eta Antigua auzoko hainbat kale zeharkatuko ditu.
Eta arratsaldean, berriz, Ustekabek hirugarrenez hartuko du parte danborradan, Irrintziren eskutik. Saguesen hasi eta Gros inguruan arituko dira. Irrintzi konpainiarekin batera joko duten hirugarren aldia izango da. Konpainia honek, danbor eta upel klasikoez gain, beste perkusio elementu batzuk eta koreografia ikusgarri batzuk ere baditu.