Ustekabekoak Donostiako Danborradan izango dira

Ustekabekoak Donostiako Danborradan izango dira
2013/01/18 eta kitto!

Bigarren urtez jarraian jardungo dute Ustekabe fanfarrekoek Donostiako Danborradan. Altza auzoko Jolastokieta elkartearen eskutik hartuko dute parte eibartarrek. Danborradaren lehen orduetan arituko dira musikari gazteak, gauerditik goizeko 03.00ak bitartean. Proba modura berritasun bi izango dituzte Donostian: kideetako batek Ustekabe fanfarrearen estandartea eramango du musikarien aurretik eta beste batek, berriz, atzetik ura eta edariak eramango ditu, gurditxo batean, "atsedenaldi laburretan musikarien egarria asetzeko". Lehen aldia da Ustekabek horrelako laguntza izango duena, Bilbo inguruko fanfarre batzuen aspaldiko ohiturari jarraituz.
Musika arloan ere izango da berritasunik. Izan ere abenduan helikoi (martxarako tuba) bat erosi zuen Ustekabe fanfarreak, horrela bere sorreratik izan duen gabezia handienetakoa konponduz. Ermuan estreinatu zuen Ustekabek gabonetan, eta Donostiako danborradan ere helikoia eramango dute. Eibarko Bandako Galder Onecak ere lehenengoz jardungo du Ustekabekoekin, tronparekin. Markel Corral perkusiojoleak Ustekabeko kide gisara arituko den lehen emanaldia izango da eta Ustekaberekin bat egiten azken izan den Asier Rodriguez elgoibartar perkusiojolea lagun izango du.