Jardunaldi Mikologikoak inoiz baino azkarrago izango ditugu

Jardunaldi Mikologikoak inoiz baino azkarrago izango ditugu
2018/10/05 06:56 eta kitto!
Arin dator Eibarko Klub Deportiboko Mendi Batzordeak antolatutako Jardunaldi Mikologikoen XX. edizioa. Oraingoan urria hasi eta berehala ospatuko dugu gaurtik domekara arte hainbat ekitaldi izango dituen asteburua. Gaur “Onddoak, biodibertsitatearen giltzarri” hitzaldia eskainiko du Joxepo Teres Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Deporren bertan 19:00etatik aurrera. Aranzadikoak kolaboratzaile finak bihurtu dira Jardunaldiotako azken urteotan eta hurrengo egunean ere, bihar, Klub Deportiboan izango dira goizez bildutako perretxikoen aukeraketa eta sailkapena egiten. Zapatu goizean, 08:15ean, perretxikoak biltzeko eskoletako haurrentzako irteera antolatu dute. Autobusak Ego Gainetik irtengo du eta izen-ematea ikastetxeetan egin dezakete. 16:00etan hasiko da lehen esandako jasotako perretxikoen sailkapena eta domekan zatirik gozoenarekin amaituko dira jardunaldiok. Goizeko 10:30etik eguerdiko 14:00ak arte perretxikoak erakutsiko dira, euren ezaugarrien fitxarekin, eta horrez gain dastatzeko aukera ere izango da Toribio Etxebarria kalean. Euriak ez badu kontrakorik esaten, orduan udaletxearen arkupeetara aldatuko baita ekitaldia.