Jon Kruzelaegi, udaltzainburua: “Pozik handiena norbaiti lagundu diotela ikustean hartzen dut”

Jon Kruzelaegi, udaltzainburua: “Pozik handiena norbaiti lagundu diotela ikustean hartzen dut”
2017/07/24 eta kitto!
Udaltzainburu karguan 30 urte baino gehiago eman zituen Jose Miguel Calle 2014an jubilatu zenez geroztik, ordura arte udaltzaina izandako Jon Kruzelaegik erreleboa hartu eta, harrezgero, bera da Eibarko udaltzainburua. Oporrak gainean ditugula eta, horren aitzakiarekin elkarrizketa egin diogu, udarako zer gomendatzen digun ez ezik, Udaltzaingoaren martxa nolakoa den bere ahotik entzuteko.

 

- Uztaila amaitzear dago, nolako uda izatea aurreikusten duzu?

Badira urte batzuk abuztuan geroz eta jende gehiago geratzen dela Eibarren. Gaur egun ez da lehengo moduan, jende guztiak ez ditu oporrak batera hartzen eta, beraz, herria ez da hutsik geratzen lehen gertatzen zen bezala. Hala ere, egia da beste erritmo batean ibiltzen dela, orohar lasaiago dabil jende guztia. Zabaltzen duten tabernetan terrazan jarrita lasai egoteko tokia egoten da, automobila aparkatzeko burukomin gutxiago, jende eta trafiko gutxiago, estresa ere txikiagoa, denda eta taberna gutxiago zabalik egon arren ez da jenderik pilatzen… Aurten ez dago aparteko lanik egiteko asmorik, baina orain dela urte batzuk, herrian obra “traumatikoren” bat egin behar zenean, beti lagatzen zen abuzturako. Arrazoi nagusia ez zen izaten trafikoa ahalik eta gutxien eragoztea, baizik eta bestela, urtean zehar onartuko ez genituzkeen gauza asko abuztuan kejatzen ibili barik onartu egiten ditugula.

- Oporretan joan behar direnentzat aholkurik badaukazu?

Beti esaten ditugunak gogoratzea baino ez: etxetik kanpora egongo ez direla jende guztiari kontatzen ez ibiltzeko, ahal dela etxean balio handiko gauzarik edo dirurik ez lagatzeko, pertsianak erabat itxita ez lagatzeko, ahal dela norbaiti esan buzoia husten joateko, familiako edo konfidantzazko norbaiti giltzak eta kontakturako zenbakiren bat lagatzeko… Nahi izanez gero, guk artxibo batean gordetzen ditugu gurera jotzen duten herritarren datuak, edozein arazo izanez gero lehenbailehen kontaktuan ipintzea errezteko.

- Zenbat udaltzain zaudete beharrean?

Eibarko udalean beharrean 43 bat udaltzain gaude gaur egun, urteko 365 egunetan 24 orduz jarduten dugu, herritarren zerbitzura.

- Azken aldi honetan aurpegi berri asko ikusten dira udaltzainen artean, plantilla asko berritu da?

Egia da azken urteotan udaltzain berriak hasi direla beharrean, horietako asko, gainera, ez dira Eibarkoak, kanpotik etorritako jendea hartu da beharrerako eta, horietako batzuk, euren etxetik gertuago lanerako tokia aurkitu dutenean, hara joan dira. Udaltzaingoa asko gaztetu da, gu ere bagoaz urteetan aurrera eta, aukera izanez gero, gutariko batzuk laster jubilatuko gara eta, beraz, Udaltzaingoa are gazteagoa izango da.

- Zure aurretik, Jose Miguel Calle izan zen Eibarko udaltzainburua luzaroan. Zuk bere tokia hartu zenuenetik asko aldatu da zure lana?

Lana aldatu baino gehiago, karguan nagoenetik beste modu batean ikusten ditut gauza asko. Calle udaltzainburua zenean ondo moldatzen ginen elkarrekin, normalean ez genuen arazorik izaten, baina egia da ez nuela beti ulertzen zergatik jokatzen zuen modu batean eta ez beste batean, edo zergatik egiten zuen gauzaren bat… orduan, horrelakoen aurrean ez nuen beti berarekin bat egiten, baina gaur egun, nagoen tokitik begiratzen hasiz gero, oso argi ikusten ditut horrelako gauzak. Udaltzainburua naizenetik batez ere ikuspegia aldatu zaidala esango nuke. Eta, horrekin batera, sarritan faltan izaten duzu Calle edo besteren bat gainetik ez egotea, azken batean erabaki asko norberak hartu behar izaten ditu eta horrek ardura handia dakar sarritan.

- Herritarrek asko joten dute zuengana? Errez etortzen dira bulegora edo deitzen dizuete?

Bai, jende askok jotzen du guregana eta, gainera, etenbarik. Jendeak edozein zalantza argitzeko deitzen digu, arazo txikiren bat izanez gero berehala ipintzen dira gurekin kontaktuan… herritarrek gertu sentitzen gaituzte eta hori pozgarria da beti. Sarritan, gure lanarekin zuzenean loturarik ez dituzten arazoengatik ere deitzen digu jendeak, baina ahal dugun neurrian, nora deitu behar duten esaten ahalegintzen gara, edo nora jo dezaketen gomendatu. Isunak ipintzen ditugula eta, jendeak bakarrik gure lanaren alde errepresibo hori begiratzen du sarritan, baina hori gure lanaren zati bat baino ez da, eta ez garrantzitsuena, gainera. Beharrean gauden bitartean, batez ere herritarrei laguntzen ibiltzen gara. Gainera, hori da lanak duen alderik politena, niretzat behintzat. Pozik handiena norbaiti lagundu diotela ikustean hartzen dut.