Jose Roncoren argazkiak Zarauzko Photomuseum-eko “Ikusteko moduak. John Berger gogoan” erakusketan

Jose Roncoren argazkiak Zarauzko Photomuseum-eko “Ikusteko moduak. John Berger gogoan” erakusketan
2018/01/18 eta kitto!
Aurreko astean Zarautzen inauguratu zuten “Ikusteko moduak. John Berger gogoan” erakusketan hainbat argazkilariren lanak bildu dituzte, tartean Jose Ronco eibartarrarenak. Otsailaren 11ra arte Photomuseum Zarauzko Argazki eta Zinema Museoan egongo den erakusketa f8 taldeak antolatu du eta, Roncoren lanekin batera, Gorka Salmeron, Angel Ispizua, Jesus Zabalza, Roberto Botija eta Moncho Trullos argazkilarienak ere bildu dituzte. Martitzenetik domekara bitartean joan daiteke ikustera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Erakusketaren ardatza John Berger idazle, margolari eta arte kritikariaren honako gogoetak osatzen du: "Argazki oro giza hautu bat da, argazkilariak egoera jakin batean egiten duen hautua, hark erabakitzen baitu dena delako hura argazki batean erregistratzea merezi duela". Ikusgai ipini dituzten argazkiak esaldi horri jarraituta egindakoak dira. Bestalde, erakusketaren osagarri gisa katalogoa argitaratu dute. Bertan Mikel Iriondo eta argazkilarien testuak biltzeaz gain, erakusketan ikus daitezkeen argazki guztiak jaso dituzte.

Eta, horrekin batera, Bergerren inguruko zinema zikloa ere antolatu dute. Aurreko asteko barixakuan Cordelia Dvorákek ondutako “John Berger, o el arte de mirar” dokumentala eskaini zuten. Bihar, berriz, “Ways os Seering I & II” emango dute eta urtarrilaren 26an “Ways os Seering III & IV”. Saio hauek Gela programaren barruan antolatu dituzte eta 18:00etan hasiko dira.