JOSEBA URKIOLA, kazetaria: “Eguneroko lanak ezberdinduko du Eibar KE”

JOSEBA URKIOLA, kazetaria: “Eguneroko lanak ezberdinduko du Eibar KE”
2017/12/27 eta kitto!
‘Eibar, futbolaren tailarra’ dokumentala aurkeztuko da hilaren 27an 19:00etan Armeria Eskolan, eta hurrengo egunean ETB1ean ikusteko aukera egongo da. Hainbat urteetan zehar Eibar KEren berri ematen ikusi dugun Joseba Urkiolak gidatu du lanaren edukia eta Oier Plaza aritu da irudien bitartez gure hiriaren zein foball taldearen inguruko begirada eskaintzen. “Irudi ederrak ikusi ahal izango dira”, aipatu digu Eibarri maitasun berezia dion Urkiolak Plazaren lana goraipatuz.

 

-‘Eibar, futbolaren tailarra’ izenburua dauka dokumentalak. Herria eta futbol taldea ezin dira bereizita ulertu?

Batzuk pentsa dezakete futbol taldearen inguruko dokumentala dela, baina ez da hori bakarrik. Futbolak dokumentalaren erdia baino gutxiago hartzen du. Herriaren erori eta berriro altxatzeak, garai berrietara nola egokitu den eta horrelako kontuen inguruan jardungo dugu.

-Leitzarra izanik lotura handia daukazu Eibarrekin. Nola sortu da harreman hau?

Taldea Bigarren B mailan zegoela hasi nintzen Eibarrekin eta Lehen Mailako partidu gehienen lekuko izan nintzen. Eibarren denbora asko igaro dut eta jendeak zatarra dela esango du, baina ez nago batere ados. Bertara joanda oso maitatua sentitu naiz eta maitasun berezia diot herriari. Nire bizipen profesionalean eta nire aisian oso gustora egoten naiz Eibarren.

-Hilaren 27an ikusiko dugu emaitza, baina nolakoa izan da dokumentala egiteko lana?

Oso lan gogorra izan da, oso konplikatua. Era askotako protagonista asko hartu ditugu. Eibartarrak dira gehienak, baina Michael Robinson ere elkarrizketatu dugu, adibidez. Ingalaterrakoak industriaren semeak direla dio berak. Eibarrek ere zerikusi handia dauka industriarekin, Eibarko zaleek Eskoziari keinu egiten diote eta zelaiak ukitu Britanikoa dauka; eta paralelismo horri lotuta lortu genuen Robinsonekin egotea. Juanjo Alvarezekin ere egon gara. Eibartik kanpo askok ez dakite Alvarez Eibarren jokatu zuela, eta berak bere diskurtso propioa dauka Eibarren identitate eta nortasunaren inguruan. Jose Luis Mendilibar eta Gaizka Garitanorekin egon gara, eta historian zehar Eibarren emakumezkoek izan duten garrantzia kontuan hartuta, Ane Atristain nesken taldeko kapitaina elkarrizketatu dugu. Egungo errealitatetik garai batekora egiten dugu lotura. Nola armetatik bizikletak egitera pasa zen, eta gero sasoian sasoikora hiria nola egokitu den. Konturatu gara ia Euskal Herriko etxe guztietan dagoela Eibarko zerbait: grapadorak, guraizeak, kortxoa ateratzekoa... Industrializazioaren inguruan ere hitz egiten dugu, kooperatibismoaz. Arizmendiarretak Arrasaten egindako apustua baino 40 urte lehenago hasi zen kooperatibismoa Eibarren. Hortik New Yorkeko pasarelara egingo dugu jauzi Roberto Etxeberriaren eskutik. Herriko jende xehea hartzen saiatu gara, herritar normalak. Herritarrak izan dira Eibar aurrera atera dutenak eta emakumeek presentzia garrantzitsua dute dokumentalean.

-Donostia inguruan ikusten zaitugu telebistan azken aldian, baina nola ikusten duzu Eibar KE aurtengo denboraldian?

Denboraldi hasieran harrituta geratu nintzen jendearen erreakzioarekin. Leganesi 1-0 irabazi eta jendea gozagaitz, taldeak gehiago egin behar zuela entzuten nuen. Emaitza txarrak etorri ziren eta taldeak buelta eman dio berriro. Norbaitengan konfiantza eduki behar bada, Mendilibarrengan da. Urtero piezak aldatu arren albumari demaseko argia ateratzen dio. Ondo ikusten dut taldea, baina helburu errealekin; eta horiek dira hamabost egunero Ipuruara joaten diren Lehen Mailako taldeak ikusteaz gozatzea eta pixkat bat sufritu beharko dela jakintzat ematea. Ziur naiz aurrera egingo duela.

-Zentzu horretan, eibarzaleen ikuspegia berriz zehazteko balio dezake dokumentalak?

Noski! Eibar zer zen eta zer lortu den baloratzeko. Elkarrizketatu guztiak bat datoz eta taldea berez ez dagokion maila batean dagoela aipatzen dute, ez dagoela sufritu beharrik eta momentuaz gozatu behar dela. Garrantzitsuena ez aldatzea dela diote. Aldatzen hasten zarenean edo helburu gorenagoak jartzen dituzuenan, dena zapuztu egiten da askotan. Errealitateaz jabetu eta taldean konfiantza eduki behar da. Beste foball bat posible den zalantzak ditut, baina hori posible bada eta hori bultzatzen baduzu, ezin zara erori besteen kritiketan. Eguneroko lanak ezberdinduko du Eibar KE.