Jubilatuek "pentsioak hobetzea eta agindutakoa betetzea" nahi dute

Jubilatuek "pentsioak hobetzea eta agindutakoa betetzea" nahi dute
2016/10/04 eta kitto!
AGIJUPENS Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen Elkarteak deituta, beste herri batzuetan bezala atzo elkarretaratzea egin zen Eibarren, Untzaga plazan. 37.000 bazkide inguru dituen elkarteko ordezkariek esandakoaren arabera, egunetik egunera hazten doan kolektiboaren bitartez "zaharrek bizitzea tokatu zaigun gizartean eginkizun aktiboa betetzeko gai izan gaitezela eta, gure bizitzako amaierako fasean ondo merezitako eskubide batzuk izan ditzagula sustatzen da". Urriaren 1ean nazioarteko mailan gogoratzen den Pertsona Zaharren Egunaren harira egindako ekitaldian irakurri zuten agiriak jasotzen duenez, "triste eta kezkatuta sentitzen gara politikoek azken erabakiaren aurrean, espero genuena ez bezala, gure asmoak edo eskubideak ez dituztelako defenditzen, gutaz ahaztu dira".
Gauzak horrela, kolektiboak bizi duen egoera gogora ekarri zuten: "Pentsioen erosteko ahalmena murriztu da eta 'kutxa bakarra' hutsik geratzen ari da. Pentsiorik bajuenak jaso arren, askotan familien egoera kaotikoa nolabait arintzen duen euskarri bakarra izaten gara, laguntza ekonomiko zuzenen bitartez nahiz zeharka, gure iloben zaintzaile-funtzioa beteta gurasoentzat aringarri ekonomiko handia eragiten diegu eta".
Salatu zutenez, "gobernuak Gizarte Segurantzako pentsio-kutxako gure fondoak bere mesedetan erabitzen ditu, horiek arriskuan ipinita. Eta, horrekin batera, alarguntza-pentsioen inguruan gaur egun dagoen bidegabekeria salatu nahi dugu. Horrenbestetan agindu duten %70era pixkanaka igotzea eskatzen diegu".

zaharren-eguna-elkarretaratze-3 zaharren-eguna-elkarretaratze-2