Kantuan ospatu dute Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Elkartearen sorreraren 20. urteurrena

0    Berriak 
ETA KITTO ETA KITTO
Kantuan ospatu dute Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Elkartearen sorreraren 20. urteurrena
ETA KITTO 2021, Ots 08

Deba eskualdeko euskera bultzatzeko asmoz Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Elkartea sortu zela 20 urte bete dira eta urteurrena kantuan ospatu dute. Urtebetez hainbat bilera egin ostean, 2000. urtearen amaieran sortu zen Badihardugu Deba Ibarreko Euskara Elkartea, Portalea kultur etxean elkartu ziren 60 bat lagunen eskutik eta Serafin Basauri presidente zela.

Badihardugu 1990ko hamarkadan Deba Ibarrean izandako lan sakon eta ixilaren ondorio izan zen. Besteak beste, Estepan Plazaolak eta Fernando Muniozgurenek hainbat urtez egindako beharraren emaitza. Garai horretan sortu ziren herri gehienetako euskara elkarteak (Jardun, …eta kitto!, AED, Berba…) eta baita hamaika herri komunikabide, aldizkari eta telebista ere.

Harrezkero, eskualdeko euskararen inguruko hainbat lan kaleratu ditu elkarteak eta Euskalkian idazteko irizpideak ere osatu zuen. Gainera, hainbat arlotako lanak ere kaleratu ditu Badiharduguk: gazte hizkera, ahozko jarduna, hizkuntza-erabilera, adizkiak, kantak eta jolasak… Baina 20 urte luze hauetan herri-hizkeren eta ahozko jardunaren bilketan eta hedapenean egin du lanik handiena, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren bidez. 2003 inguruan abiatu zen Deba eskualdeko Ahotsak proiektua, gaur egungo Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren hasiera izan zena. Urtez urte herri berriak gehitzen eta indarra hartzen joan zen proiektua, gaur egun duen neurria hartu arte.

2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Abaddia Saria ere jaso zuen Ahotsak.eus-ek, eta ekitaldi hartan Juan Martin Elexpururen berbez jantzitako doinu eder bat abestu zuen Ainara Ortegak. Kanta horixe aukeratu dute Badiharduguren 20. urteurrena ospatzeko eta elkartaren inguruko lagun batzuk kantuan ipintzeko. Hemen daukazue emaitza:

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »