Kataluniari babesa agertu zaio Eibarren ere eta domekako mobilizaziora deitu dituzte herritarrak

Kataluniari babesa agertu zaio Eibarren ere eta domekako mobilizaziora deitu dituzte herritarrak
2019/02/12 eta kitto!
Euskal Herriko 60 bat herritan bezala, Gure Esku Dagoren ekimenez Eibarren ere elkarretaratzea egin dute herritarrek, Kataluniari elkartasuna adierazteko eta "konponbidea, demokrazia eta askatasuna" aldarrikatzeko. Horrekin batera, domekan Donostian izango den mobilizazioan parte hartzeko dei egin dute: "Mobilizazio garrantzitsuena igandean egingo dugu, Donostian. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Gros auzoko Katalunia plazatik, eta Bulebarreko kioskoan amaituko da. Mobilizazioak bereizgarri bat izango du: kolorea; horiz, elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak. Aterki horiak izango dira elementu nagusiak, eta eskuragarri egongo dira ibilbidearen hasieran eta amaieran. Gaur, berriro ere, deia egiten dugu horiz jantzi eta konplementu edota xingola horiak soinean eramateko, elkartasun keinu gisa, bai manifestazioan, baita epaiketak irauten duen artean ere".

Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurka gaur Madrilen hasi den epaiketaren harira, bestalde, atzo 'Konponbide politikoaren alde' manifestua plazaratu zuten gizarte alor anitzetako 68 herritar ezagunek, Kataluniarekin elkartasuna azaltzeko.

Elkarretaratzea amaitzean irakurri duten adierazpena BIDEOAN daukazue:

[video width="640" height="360" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2019/02/manifestua.mp4"][/video]