1. Mailara igotako Eibar KE hasi da bere plantilla perfilatzen

1. Mailara igotako Eibar KE hasi da bere plantilla perfilatzen
2023/06/01 15:32 eta kitto!
Noelia, Jujuba, Noko eta Kenni, esaterako, armaginak izaten jarraituko dute 2024ko ekainera arte. Lau jokalariek kontratua berritu dute Eibarren emakumezkoen lehen taldearekin. Noelia Garcia, Jujuba Cardozo, Noko Matlou eta Kenni Thompson jokalariek Lehen Mailara igotzea lortu duen taldeko kide izan dira eta ekainaren 30ean amaitzen zuten kontratua; horrela, beste denboraldi batez luzatu dute. Modu horretan, Noelia atezaina, Noko eta Jujuba defentsak eta Kenni erdilaria Yerai Martinek entrenatutako taldean pieza garrantzitsuak izan dira azken denboraldian.

Bestalde, Gema Gines eta Maria Zeberio jokalarien bajak ere iragarri ditu klubak, euren lana eskertzeaz gainera. Maria Zeberiok Lehen Mailara igotzea lortu duen taldean parte hartu du denboraldi honetan. Gema, berriz, bertan egon zen urtarrilera arte, eta ordutik honaino Lleidako AEMn jokatu izan du, lagata.