Bittor Ugarteburu eibartarra onena izan zen Asola Berrin jokatutako tiraldian

Bittor Ugarteburu eibartarra onena izan zen Asola Berrin jokatutako tiraldian
2022/05/18 eta kitto!
Asola Berri bolatokian jokatutako 51. Gipuzkoako hiru-txirlo txapelketaren zazpigarren jardunaldian klubeko Bittor Ugarteburuk garaipena etxean laga zuen. Eibartarrak Elgetako Iker Arizmendiarrietarekin berdindu zuen, sei txirlo botata, eta atzetik izan zituen San Migueleko Xabier Loiola eta Floreagako Santos Muñoz, launa txirlorekin. Guztira 65 bolarik hartu zuten parte. Zortzigarren jardunaldia Aretxabaletan jokatuko da bihar, 17:00etan.

Txapelketako sailkapen nagusian, bestalde, Asola Berriko Garikoitz Rodriguez dago lider; hori bai, gertutik jarraitzen diote Iñaki Gojenola taldekideak eta San Andreseko Jose A. Nuñez, biek ere txirlo bat gutxiagorekin.