11 podium guztira Eibar Igerixanekoentzat Gipuzkoako Kluben arteko Kopan

11 podium guztira Eibar Igerixanekoentzat Gipuzkoako Kluben arteko Kopan
2023/01/19 eta kitto!
Aurreko asteburuan Irungo Azken Portu igerilekuetan jokatutako Gipuzkoako Kluben arteko Kopan Eibar Igerixanek 13 ordezkari izan zituen, zazpi emakumezko eta sei gizonezko. Emaitza bikainak eskuratu zituzten, batez ere lortutako bigarren postu kopuruari esker: bederatzi aldiz amaitu zuten  postu horretan eta horri urrezko eta brontzezko beste bi domina ere geitu behar zaizkie. Horrela, Paula Calvok 100 libreko proba irabazi zuen, 100 eta 200 estiloetan bigarrena izateaz aparte; Miren Galdosek bigarren amaitu zuen bizkar modalitateko 50 eta 200 metrotako probatan, hirugarrena izanik 100 metrokoan; Asier Gomez bigarren izan zen 1.500 eta 400 estiloetan eta postu berak eskuratu zituen Igor Ruizek bizkar eta tximeletako 50 metroko probetan. Azkenik, erreleboetara jauzi eginez, gizonezkoen 4x100 libreko proban, Ekaitz Lago, Roke Etxeberria eta aipatutako biek bigarren geratu ziren, 3:44.09 markarekin.

Kluben arteko sailkapenean, gizonezkoen multzoan eibartarrak bosgarren dira gaur egun eta Eibar Igerixaneko emakumezkoak seigarren berean. Batean zein bestean Tolosa da buru (Izarraitz eta Bidasoaren aurretik nesketan, eta Bidasoa eta Zubi-Aurreren aurretik mutiletan). Paula Calvok, bestalde, Espainiako Txapelektan parte hartzeko gutxieneko marka eskuratu zuen 400 libreko proban, 4:42.09 denborarekin.