A ze parea, Altuna eta Del Olmo (4-0)

A ze parea, Altuna eta Del Olmo (4-0)
2012/02/20 eta kitto!

Olentzerok opari ederra ekarri dio Eibar KEri neguko merkatuan. Joseba Del Olmok hiru partidu besterik ez ditu behar izan bere maila handia erakusteko eta Jon Altunak ederki eskertu du hori. Atzo, bien artean Arandina jipoitu zuten 4 eta 0, eta Eibar KE 3. postuan kokatzen da sailkapenean.
Neurketako lehen gola Altunak sartu zuen 10. minutuan Del Olmok botatako falta bat errematatu ostean. 4 minutu geroago ere eurak izan ziren protagonista, baina paperak aldatuz. Izan ere, Altunaren jaurtiketa zutoinera joan eta aldaratzean sartu zuen Del Olmok baloia sarean. Hirugarrenean ere, nola ez, Jon eta Joseba nagusi. Bizkaitarrak jokaldi ederra egin eta gipuzkoarrak 3.ena sartu zuen aldageletara joan aurretik.
Bigarren zatian eibartarrak nagusi izaten jarraitu zuten Ipuruako berdegunean eta 57. minutuan Mainzek partiduko azken gola sartu zuen kontraeraso baten bitartez (4-0). Emaitza honekin eibartarrek 3. postura igotzea lortu zuten, Amorebietak Taxoaren Osasuna Promesasen aurka galdu baitzuen, eta sendo jarraitzen du play off-era sailkatzeko bidean.