AMAIA GOROSTIZA (Jarraitu Dezagun): “Kluba utzi dutenen lekukoa hartu dugu”

AMAIA GOROSTIZA (Jarraitu Dezagun): “Kluba utzi dutenen lekukoa hartu dugu”
2017/05/19 eta kitto!
Eibar KE-ren presidente kargua hartu zuen orain dela urtebete eta, klubaren historian lehen aldiz, hauteskundeei egingo die aurre Amaia Gorostizak bere kargua berresteko. Gaur egungo kontseiluko kide gehienek osatzen dute bere plataforma eta aurretik hainbat urtetan kontseiluan egondako beste kide batzuk gehitu zaizkio, besteak beste. ‘Jarraitu Dezagun’ izenpean, jarraitutasunaren aldarrikapena egiten du Gorostizak.

 

-Kanpainaren erdi aldera iritsi gara. Orain artekoaren zein balorazio egiten duzu?

Inoiz ez da hauteskunderik egin Eibar KE-n eta denontzat berria da hauteskundeen kontu hau, beraz, ikasten goaz ematen dugun pauso bakoitzean. Gauzak ahalik eta modu onenean egiten saiatzen gara eta horrela ari gara lanean, etengabeko ikaskuntzan. Hauteskundean ahalik eta garbienak izaten saiatzen ari gara, proposamenak ekarri eta denok batera hazten joateko.

-Hauteskunde-kanpaina gaiztotu da azken astean, izan ere, zuen programa akziodunei bidaltzeko klubaren errekurtsoak erabili dituzuela salatu du Albistegiren hautagaitzak. Zer diozue horren aurrean?

Prentsa-ohar batean erantzun diogu salaketa horri. Guztiz faltsua da euren aldetik jakinarazi dutena eta horrela dela erakutsiko da. Guztiz oker dabiltza eurak oinarritzen diren fundamentuetan.

-Jarraitutasuna defendatzen duzue. Zein baldintzatan zehazki?

Jarraitutasuna aipatzen dugu hau ez delako egun bateko proiektua, Eibar KE jaio den momentuan jaiotako proiektua delako. Proiektu bizia da, bidean pertsonak gehitu zaizkio, eta baita jarraibide eta helburu berriak ere. Eibarren historian klubarentzat modu altruistan lan egin, babestu eta laguntzeko jendearen bila kalera irten behar izan dugulako egiten dugu jarraitutasunaren alde. Hainbat pertsonek aldaketa bat nahi dute, beraz, hauteskundeak egitea erabaki da, eta oso erabaki demokratikoa dela deritzot, ariketa positiboa eta aberasgarria delarik. Jarraitutasuna aipatzen dugu, kluba utzi dutenen lekukoa hartu dugunak garela uste dudalako. Gure lehen asmoa errelebo geldi eta adostua egitea zen, ez traumatikoa, Eibarren beti egin den moduan. Kontua da hauteskundeak egitea erabaki dela eta horrekin aurrera egingo dugu.

-Hiru aurkezpen egingo dituzue zuen programa erakusteko: arlo ekonomikoa, arlo soziala eta kirol-arloa. Zer azpimarratuko zenuke bakoitzetik?

Arlo ekonomikoan gure helburu nagusia zorra hutsean mantentzea da. Bestetik, mozkin neto errekurtsogileak babestea nahi ditugu jarraipen eta egonkortasunarekin; eta errekurtso ekonomikoen optimizazioaren kudeaketari esker gure higiezinen ondasuna eta kirol-ondasuna handitzen jarraitu nahi dugu. Ezin dugu ahaztu bi harmaila eraiki ditugula eta, gainera, jokalarien kontratuen desegite-klausuletan gorakada egon dela. Klausuletan 246 milioi euro ingurutan gabiltza orain, beraz, kirol-ondasun garrantzitsua sortu dugu. Gainera, jokalarien kontratuen luzera handiagoa da. Arlo sozialean, bestetik, Fundazioari bizitza eman izana azpimarratuko nuke, gizartearekin dugun lotura delako. Hainbeste urtean gizarteak eman diguna gizarteari bueltatzeko transmisorea, eta beste kirol eta espektro batzuen bultzatzailea da (GKE-ak, enpresak, berrikuntza, ekintzailetasuna...). Azken finean, herriarentzat eta eskualdearentzat motor-traktorea izatea da asmoa, modu errealean, ekarpenak benetan eginez, modu hezitzailean eta SD Eibarren balioak igorriz. Kirol-arloan, azkenik, gure helburu nagusia lehen mailan finkatzea da, noski. Ahalik eta goren heltzen saiatuko gara. Aurten izugarrizko denboraldia egin dugu eta beste amets batzuk izan ditugu eskura, baina ezin izan ditugu lortu eta nahikoa amets da egun bizi duguna. Eibarren historiako mugarri garrantzitsu eta zoriontsuena ari gara bizitzen, eta hori aprobetxatzen saiatu behar dugu. Horretarako, gauzak lasai eta zintzotasunez egin behar ditugu.

-Errealarekin hitzarmena sinatzea hurbil dagoela adierazi zenuen orain dela egun gutxi. Hauteskundeak baino lehenago sinatuko da?

Ez da hauteskundeak baino lehenago sinatuko. Hala ere, lanean ari gara eta, bi aldeek zerbait nahi dutenean, lortu egiten da normalean.

-Faboritotzat ikusten duzu zure burua?

Ez dakit.

-Albistegiren hautagaitzaren arlo positibo bat aipatu beharko bazenu...

Asko merezi duten pertsonak daude hautagaitza horretan, bene-benetan diot.