Amañak Eibarko Txakurkrosa hartuko du domeka goizean

Amañak Eibarko Txakurkrosa hartuko du domeka goizean
2022/02/18 11:29
eta kitto!
Amañako plaza izango da etzi goizean Eibarko Txakurkrosaren erdigunea. Amaña es la Caña elkarteak eta Amarok txakur-kros taldeak, Eibarko Udalarekin batera, antolatutako proba gure herrian jokatzen den bigarren edizioa izango da, orain dela bi urte Arraten egin zelako beste bat, orduko hartan Klub Deportiboaren laguntzarekin.

Sei kilometroko luzera izango du lasterketak eta 300 metro igo beharko dute kirolariek, euren txakurrez lagunduta. Goizeko 08:30ean izango da albaitari-kontrola, bi ordu geroago lasterketa aurreko bilera egingo dute eta 11:00etan txakurkrosaren lasterketari emango zaio irteera. Proba horren ondoren haurren lasterketa bat ere egingo dute, 12:30ean hasiko dena, eta sari-banaketa ekitaldia 13:00etatik aurrera egitea aurreikusten dute. Gure herriko txakur-kros lasterketarekin, gainera, Euskadiko Txakur-Kros Liga amaituko da.