Arrate Eibar Eskubaloiko emakumeen talde nagusiak bigarren faseari ekingo dio

Arrate Eibar Eskubaloiko emakumeen talde nagusiak bigarren faseari ekingo dio
2022/02/11 eta kitto!
Arrate Eibar Eskubaloiko emakumeen talde nagusiak erronka benetan zaila izango du asteburu honetan, orain arte partidu guztiak irabazi dituen taldeari egingo baitio bisita domekan. Omega Peripherals Basauri bertako Artundoaga kiroldegian izango dute zain Andoni Perezek entrenatzen dituen neskek, lehiaketaren bigarren fasea hasi aurretik lehenengo bi postuetan dauden taldeen arteko norgehiagokan. Bizkaitarrak dira liderrak, 12 punturekin, eta eibartarrek jarraitzen diete, 10ekin.

Domekan 12:15ean jokatuko den partidua hemendik aurrera jokatu beharreko zortzi neurketetako lehenengoa izango da, Arrate Eibar-ekoek orain arte B multzoan jokatu duten Eraiken Eharialdea, Lema Transit Askartza eta Urdaibai Bilboats taldeen aurka ere jokatu beharko baitute. Ligaxka hori amaitzerakoan sailkapenaren aurreneko biak pasatuko dira Espainiako zilarrezko mailara igotzeko jokatuko den fase berrira.

Eibartarrentzat orain arteko partidurik zailena izango da seguruenik domekakoa, orain artekoak irabazteaz gain, bizkaitarrek alde handiarekin gailendu zaielako aurkariei. Hala ere, ikusita Arrate Eibar-ekoek Euskal Ligan egiten duten lehenengo denboraldian erakutsitako jokoa eta lortutako emaitzak, ezer ez dago erabakita jokatu aurretik.

Asteburu gogorra izango da honakoa Arrate Eibar Eskubaloiko talde nagusientzat, gizonezkoen lehen taldeak ere neurketa zaila izango duelako Zaragozan, bertan domeka eguerdiko 13:30ean Siglo XXI Pistan Sugraf Zaragoza sailkapeneko hirugarrena izango baitu zain. Eibartarrek orain arte galdu duten puntu bakarra ere Aragoikoen aurka izan baitzen, Ipuruan 40ra berdindu zutenean. Orduan ikusi zenez, Sugraf Zaragozak 1. Nazional Mailako jokalaririk erasokorrenak ditu, orain arte gol gehien sartu duen taldea delako. Defentsa lanetan sakontzea eskatuko du horrek.