Artzaintza Naturbidearen 17. etapa osatuko dute zapatuan Klub Deportiboko mendi batzordekoek

Artzaintza Naturbidearen 17. etapa osatuko dute zapatuan Klub Deportiboko mendi batzordekoek
2022/09/13 eta kitto!
Izarratik irten eta Berberaraino eramango dien 20 kilometroko ibilbidea egingo dute hilaren 17an Deporreko mendizaleek. Goraka metatutako desnibela 590 metrotakoa izango da eta beherakoarena 565ekoa. Goizeko 07:30ean irtengo dute Ego Gainetik eta arratsaldeko 18:00ak bueltan aurreikusten dute itzuliko direla.

Prestatutako ibilbidearen arabera, Urduñako porturanzko trenbidea gurutzatu ondoren, GR 282 bidetik joko dute. 7. kilometroan Delikako ebaketara iritsiko dira: “Itsaslabar horretara hurbiltzean, inguratu, ibaia zeharkatu eta begiratokira iritsiko gara, bere ingurutik jarraitu eta Arando mendira iritsi aurretik”. 12. kilometroan helduko dira gailur horretara eta, jaitsiera leunari segituz etapa amaieraren bila abiatuko dira, Berberanako helmugara iristeko.