Asteburu zoragarriaz gozatu zuten Palentziako mendietara egindako irteeran

Asteburu zoragarriaz gozatu zuten Palentziako mendietara egindako irteeran
2022/10/04 eta kitto!
Eibarko Klub Deportibokoek eta Elgoibarko Morkaiko mendi taldekoek asteburu zoragarria pasa zuten Palentziako mendietan. Lehenengo egunean, zapatua, San Glorio mendatetik abiatuta, besteak beste, Pico Las Tetas (2.108 m), Robadoiro (2.092 m) eta Tres Provincias (2.499 m) mendi tontorrak igo zituzten, jarraian eguneko Peña Prieta (2.539 m) gailur nagusia gainditzeko. Bidean, denboraldiko lehenenengo elur arrastoak zapaldu zituzten eta aurrez aurre Picos de Europaren bista panoramiko ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten. Handik, haran glaziar baten barrena Cardaño de Arriba herrixka xarmangarrira jaitsi ziren eguna amaitzeko. Gaua Triollo herrixkako "Curavacas" aterpetxean igaro eta gero, biharamunean kareharrizko Espigüete (2.451 m) mendi ikaragarria ekialdetik igotzeari ekin zioten, “aldiro-aldiro eskuak erabiliz, ondoren ipar aurpegiko kanal bertikaletik jaisteko”. Mazobreko ur-jausi ederretik igaro ostean, Camporredondo urtegiaren urertzean bazkaldu zuten “ezin pozarren etxera itzultzeko”.