Atzo aurkeztu zuten domekan jokatuko den Valenciaga Memoriala

Atzo aurkeztu zuten domekan jokatuko den Valenciaga Memoriala
2023/03/28 eta kitto!
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten domeka goizean jokatuko den Valenciaga Memorialaren 52. edizioa. Eibarko udaletxeko pleno aretoak hartu zuen ekitaldian probaren ezaugarriak aurkeztu zituzten. Lasterketak, beste behin, 23 urtetik azpiko eta Elite mailako estatuko txirrindulari onenak hartuko ditu eta Espainiako Koparako baliagarria izango da. Guztira 29 taldek hartuko dute parte, 196 txirrindularirekin, eta ibilbidean hainbat aldaketa izango dira azken edizioarekin konparatuta. Horrela, Elgeta, Elorrio eta Abadiñotik igarotzen den ibilbide zaharra berreskuratzeaz gain, helmuga Arraten izan beharrean Toribio Etxebarria kalean kokatuko dute. Lasterketa goizeko 09:00etan hasiko da eta 13:00ak bueltan amaituko. Aurreko edizioetan bezala, Ixuako gainak markatu dezake azken emaitza.