Avia Eibar Rugbyko emakumezkoak historiako partidarik garrantzitsuenaren aurrean

Avia Eibar Rugbyko emakumezkoak historiako partidarik garrantzitsuenaren aurrean
2019/01/18 eta kitto!
Heldu da eguna: denboraldi hasieratik itxaroten zuten hitz ordua domekan izango dute, eguerdiko 13:00etan, Getxon. Bizkaitarrak eta eibartarrak berdinduta daude sailkapeneko goialdean, orain arte jokatutako partidu guztiak irabazita. La Unicari irabazi zionetik, Eibarko taldeak etziko partidua dihardu prestatzen, aurrean aurkari zaila izango dutela jakitun: Getxo RT-k iaz Ohorezko A mailan lehiatu zuen. Partidua irabazten duenak bakarrik izango du Ohorezko B mailan jokatzeko aukera. Maila hori martxoan eta apirilean jokatuko den liga bat da, eta bertako bi lehenek Ohorezko A mailan jokatzeko aukera izango dute, hau da, bi jauzi ematekoa denboraldi bakarrean.

Zaleentzako autobusa antolatu dute Getxora joateko eta tiketak Guridi tabernan erosi daitezke, 2 eurotan. Ego-Gainetik irtengo da 11:30ean eta Ermuko Bar Pacon ere geratuko da (11:45). Getxotik Eibarrera 15:00ak bueltan irtengo da autobusa.  Gure herrian errugbiak izan duen hazkundeak emakumezkoen taldean indar berezia izan du; orain dela urte batzuk taldea osatzeko zailtasunak izaten ziren, eta gaur egun, berriz, 35 fitxa ditu taldeak. Hori bai, talde tekniko guztia emakumezkoek osatzen dute: Cristina Guntin eta Amy Williams dira A taldeko entrenatzaileak, Cristina Cabrejas B taldekoa eta Eli Azkunek betetzen ditu delegatuaren funtzioak.