Bar Txoko taldeak foball-zaletuen Liga txapelketa irabazi du

Bar Txoko taldeak foball-zaletuen Liga txapelketa irabazi du
2023/02/27 eta kitto!
Asteburu honetan jokatu zen gure herriko foball-zaletuen Ligako azken jardunaldia eta datorren asteburuan Kopa txapelketari ekingo diote. Oraingoan, gainera, Kopa torneoak beste sistema bat izango du, bost taldeko bi multzotan banatuta. Bar Txoko taldeak nagusitasun handia erakutsi du Ligan eta Garajes Garcia bigarren sailkatuari zortzi puntu atera dizkio eta Adahi Eraieder hirugarrenari bederatzi. Atzerago geratu dira, 13ra, America Sport eta GastroGilda, eta 16ra JMR Tankemans. Azken lau postuetan Feredu Bar EzDok, TX4 Fitness Akats, Los Paisanos - Bar Banaka eta Bali Sport Center geratu dira, azken hori partidu bakarra irabazita. Bar Txokok, bestalde, bi galdu ditu bakarrik eta beste bat berdindu, beste guztiak irabaziz.

Sartutako eta jasotako golei begira, Txoko izan da askogatik talderik goleatzaileena (91kin) eta Bali, kontrara, gol gutxien lortu dituena. Jasotakoei begira oreka handiagoa eman da: arlo horretan Garajes Garcia bigarren sailkatuak 23 jaso ditu, Adahi Eraieder hirugarrenak 26, Bar Txoko liderrak 27 eta America Sport laugarrenak 28. Sailkapen horretan Los Paisanos - Bar Banaka azken aurrekoak 75 jaso ditu, Bali Sport Center azkenak baino hiru gehiago.

Eta, goleatzaileen atalean, Bar Txokoko Muniozek 26 lortu ditu liga honetan. Bere atzetik, 16 golekin dugu America Sport-eko Roberto, eta horri jarraitzen diote Muniozen bi taldekidek: 15 gol dituen Markelek eta 14rekin amaitu duen Alexek. Gehien nabarmendu diren lau goleatzaile horien ondoren Adahi-Eraieder taldeko Iker eta Valderas daude (9 golekin), Garajes Garciako Jokin eta JMR Tankemans-eko Iagoba (8rekin) eta Txokoko Egaña (7rekin).