Bihar jarriko dira salgai ekainaren 3an egingo den Eibarko Itzuliaren kamisetak

Bihar jarriko dira salgai ekainaren 3an egingo den Eibarko Itzuliaren kamisetak
2023/05/22 eta kitto!
Bi urtean behin egiten duten bezala, Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak Eibarko Itzuliaren edizio berri bat egingo du, oraingoan datorren asteko zapatuan, ekainaren 3an. Egun horretako irteera goizeko 07:00etan hasiko da, Deporretik bertatik abiatuta. Itzulia doan da, baina anoa postuak antolatzeko izena ematea eskertzen da. Horretarako formulario hau erabili daiteke: https://labur.eus/eibarkoitzulia. Bestalde, kamisetak Klub Deportiboan egongo dira salgai bihartik aurrera, 7 eurotan.

Ekainaren 3ko irteera neutralizatua izango da, korrikalarientzat izan ezik, eta partehartzaile guztiak horretarako jarriko den zintaren atzetik joan beharko dira Olarreagaraino. Bi anoa postu egongo dira: bata Goimendi auzoko Gure Basetxea txabolan eta bestea Arrateko Santutegian. Klubeko taberna ere irekita egongo da eguerditik aurrera, itzulia egin ostean zerbait hartu nahi duten guztientzat.  Eta, inguruarekiko errespetua lantzeko bidean, norberak edarientzat bere ontzia eramatea gomendatzen dute.

Ibilbidearen erdia bakarrik egin nahi duenak Azitain auzoan amaitu dezake ibilbidea.Ibilbidea puntu horiekin, zintarekin eta seinaleekin markatuta dago, herrigunean izan ezik. Eta ohiko ibilbidean aldaketa txiki batzuk egin dituzte, eta horrek seinaleztapenari adi egotea eskatzen du.

Ibilbidearen inguruko ezaugarriak
. Irteera Ardantzako babes ofizialeko etxeetatik zehar, trenbide gaineko pasealekutik egingo da Berdintasunaren pasealekutik Olarreagaraino.
. Egoarbitzarako igoera 2019ko tokitik hasiko dute, “Verter”era doan bidetik gora.
. Egoarbitzatik Karabieta gainerako azken zatia mendiz egingo da eta ez errepidez.
. Azkonabitzarako igoera pista ondoan dagoen bidezidorretik zehar egingo dute.
. Azkonabitzatik jaisten hasi eta berehala ezkerretan basoan zehar doan bidetik joango da bidea.
. Azkonabitzatik Galdaramiñora Asurtzamendi igota egingo da bidea.
. Galdaramiñoko buzoiraino igo eta beherantz beste aldera jarraituko da, Unbe alderantz jaitsiz. Ondoren bideak eskumara egingo du, basoan zehar, Asurtzarantz joateko. Asurtzara ez dira bertako baserrietan zehar joango, mendi bidea erabiliz baizik.
. Azitainera jaisteko, Gipuzkoako Uraken txabola ondotik joango dira.
. Azitaindik Arrateko pausoen bidera joateko, La Salle ikastetxera eta Azitain industrialdera joateko errepide gaineko pasabidetik egingo da.
. Kalamuatik beherako jaitsiera Parlamentutik zehar egingo da.
. Usartzatik Ixuara ez dira errepidez joango, atzetik doan bidetik baino.
. Urkotik azken jaitsiera Elorretatik zehar Lindariraino egingo da eta, handik, Amañako eskoletara.