Deporreko mendizaleak Arantzazu-Brinkola ibilbidea egin zuten zapatuan

Deporreko mendizaleak Arantzazu-Brinkola ibilbidea egin zuten zapatuan
2022/09/28 eta kitto!
Klub Deportiboko mendi batzordekoek Arantzazutik Brinkolara joan ziren aurreko zapatuan. Azken zeharkaldi horretan parte hartu zutenek gozatu ahal izan zutenez, honakoa Antxon Narbaizak kontatutakoa: “Arantzazutik errekara jaitsi eta beste maldara pasatu ginen. Urkila mendisokaren bila pagadi mardulak gurutzatu genituen. Ia goian ginela, haize-erroten zarata entzuten hasi ginen. Energia "garbia" deitzen dugun hau, gaitz erdi bihurtu zaigu! Gainez gain hainbat tontor igaro genituen, Araba eta Gipuzkoaren arteko muga, mendixka ugari bidean: Zurkuntz, Napar Basoko Punta, Trango, Urkitza... Gure norabidea aldatuz, Urbiara iritsi ginen artzain etxoletan barrena. Hamarretakoa Urbian egin genuen; ordurako euria tarteka gogor izan genuen, baina zuhaiztiek babesten gintuzten zelanbait. Orain arbolarik gabe Enaitz altxatzea tokatzen zitzaigun, behelainoa apur bat alde egin zuen eta gure hurrengo helburua Bihotzkorniako lepoa ez zegoen urruti. Handik goitik behera sigi-sagak eginez Barrendiolako urtegi txiki, eta urez eskaxera, heldu ginen eta beste kilometro batera gure jomuga Brinkola genuen. Egun ederra larunbatekoa. Animatu mendizaleok!”.