Domekako Eibarko III. Txakurkros arrakastatsuak 110 partaide izan zituen eta hurrengoa bi egunera luzatzeko asmoa dute

Domekako Eibarko III. Txakurkros arrakastatsuak 110 partaide izan zituen eta hurrengoa bi egunera luzatzeko asmoa dute
2023/01/16 15:46
eta kitto!
Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, horrek ez zituen parte-hartzaileak kikildu eta lasterketa bikainak eskaini zituzten domeka goizean Arraten jokatutako proban. Iaz bigarren edizioa Amañan jokatu eta gero, Eibarko Txakurkrosa Arratera itzuli zen berriro, lehenengo edizioan izan zuen kokagunera. Oraingoan, gainera, bizikleta gainean egiten den bikejoring modalitate berriak ere bere tokia izan zuen egitarauan. Guztira 110 bikotek hartu zuten parte bertan izandako lasterketetan, eta gure herriko hiru ordezkari podiumetik oso gertu geratu ziren.

Goizeko 08:00etan abiatu zen albaitari-kontrola egin ondoren, 09:15ean teknikoen bilerari ekin zioten. 09:30ean puntu-puntuan hasi zen bizikleta-proba eta, zazpi kilometroko bikejoring mailako lasterketaren amaieran, Andoni Mayo eta Dexter txakurra laugarren postuan sailkatu ziren, Iosu Varonak, Ekaitz Erauzkinek eta Xabier Dilizek osatutako podiumetik ezin gertuago. Lasterketa nagusian, bestalde, Euskal Txakurkros Ligako seigarren jardunaldia zegoen jokoan eta, Kalamuako puntan behelainoa zegoela-eta, ibilbidea murriztu behar izan zuten azkenean, zazpi kilometrotara mugatzeko izena eman zuten 90 parte-hartzaileek bete beharrekoa. Eta hor ere gauza bera: eibartarrak laugarren postuan! Unai Fernandezek eta “Dunkan” txakurrak postu horrekin konformatu behar izan zuten. Jakina, bera izan zen Eibarko onena, emakumezkoetan Sonia Dominguezek eta “Zeus” txakurrak lortu zuten postu bera.

Arraten izan ziren parte-hartzaile guztiek “antolatzaileek egindako lana goraipatu zuten, prestatutako ibilbide ezberdinen egokitasunarekin batera”. Gehiago oraindik: badago asmoa datorren urteari begira bi eguneko proba antolatzeko. Eguraldi aproposagoa izanda jaia biribilagoa izan daiteke!