Donostiako Aste Nagusiko Urrezko Kopan parte hartzeko txartelaren bila jardungo du bihar Hodei Ezpeletak

Donostiako Aste Nagusiko Urrezko Kopan parte hartzeko txartelaren bila jardungo du bihar Hodei Ezpeletak
2022/07/15 eta kitto!
Eibarko aizkolariak lan nekeza izango du bihar, arratsaldeko 19:30etik aurrera, abuztuaren 15ean (Donostiako Aste Nagusiko egitarauaren barruan) jokatuko den Urrezko Kopa horretan parte hartzeko sailkatze-proba berezian. Antolatzaileek iaz egin zuten bezala, oraingoan ere “momentuko 12 aizkolari onenen artekoa” prestatu nahi izan dute, Urrezko Kopa hori hortik irtendako bost onenen artean jokatzeko asmotan. Aizkolari bakoitzak 54 ontzako zazpi enbor moztu beharko ditu eta proba zozketa bidez aukeratutako seiko bi txandatan egingo da. Lan hori dagoeneko klasiko bihurtu den abuztuan egin beharrekoaren erdia da, egun hartan 14 izango baitira moztu beharreko enborrak. Aurtengo edizioa 37.a izango da.

Hodei Ezpeleta “Bihurri”-rekin batera, sailkatze-proban goi mailako honako aizkolariek hartuko dute parte: Otxagiko Iker Vicente, Azpeitiko Mikel Larrañaga, Dimako Aitzol Atutxa, Zumarragako Xabier Zaldua, Zigako Jose Antonio Etxeberria, Azkoitiko Julen Alberdi, Leitzako Jon Rekondo, Mutrikuko Ugaitz Mugerza, Beizamako Eneko Otaño, Arostegiko Oier Kañamares eta Barakaldoko Julen Larrea. Sarrera orokorrak online eros daitezke, eta prezio murriztukoak bakarrik Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan. Bihar Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta Trinitate plazan bertan erosi ahal izango dira baita ere.