Eibar 2023ko Kirolaren Europako Hiri izendatu dute

Eibar 2023ko Kirolaren Europako Hiri izendatu dute
2022/11/15 eta kitto!
ACES Europe erakundeak Eibar 2023ko Kirolaren Europako Hiri izendatu du, bere Twiterreko kontuaren bitartez jakinarazi duenez.

 



ACES Europeren aitortza erantzukizunaren eta etikaren printzipioetan oinarritzen da, kirola gizartea batzeko faktorea dela jakinik, eta bizi-kalitatea, ongizate psikofisikoa eta komunitatean erabat integratzea hobetzen dituelarik.

 

Bost arrazoi

Eibarko Udalak bost arrazoi aurkeztu zituen izendapena jasotzeko. Batetik, Eibarko goi-mailako kirol-federatuagatik (Eibar KE, Arrate eskubaloi taldea, txirrindularitza-probak, Klub Deportiboa, Astelena frontoia...).

Bigarren arrazoia Kirol Patronatuarekin lotuta dago. “Aitzindaria izan da Espainian, eta erreferentea urte askoan Euskadin eta estatuan. zalantzarik gabe, asko lagundu du eibartarren artean eskola-heziketa fisikoa eta kirol-hastapena zabaltzen”, aipatu zuten Udaletik.

Hirugarren arrazoiarekin herriko kirolari anonimoen funtzioa aitortu nahi izan dute. Hau da, egunero kirol-instalazioetara joaten diren kirolariak, “gizarte moderno batek izan behar duenaren irudia direlako, alegia, gizarte aktibo, osasungarri eta konprometitu bat; kirola oso modu intentsoan bizi duen gizarte bat”, Udalaren berbetan.

Laugarren arrazoiarekin kirola kultura immaterial moduan aitortu nahi da. “Eibarrek badaki bizikletez eta eskopetez, baina badaki baita ere enplegua eta prestakuntza sortzen kirol-materialaren industriaren inguruan, horra hor beste arrazoi bat Kirolaren Europar Hiri izendatzeko”, dio Udalak.

Bosgarren eta azken arrazoiaren arabera, hautagaitza aurkeztu zen “Udalak herritarrei eta kirolariei zor dielako, futbolak, txirrindularitzak, pilotak eta beste jarduera batzuek euskal, espainiar eta europar kirolaren orbitan jarri gaituztelako, eta Eibar herriaren izenak kirol-arrakastari lotua jarraitzea nahi dugulako", Udalaren hitzetan.