Eibar eta inguruko herrietako mugarriak konpondu dituzte dagoeneko

Eibar eta inguruko herrietako mugarriak konpondu dituzte dagoeneko
2022/11/03 eta kitto!
Eibar, Soraluze, Bergara eta Elgeta herriek muga egiten duten lekuetako mugarrien konponketa urriaren 4an eta 5ean egin zen. Eta Ego Ibarra Batzordeak herriko mugarriak HAPOren katalogoan babestu beharreko ondaretzat sartzea eskatu du.

Azken urte hauetan egindako baso-lanen ondorioz, mugarriak kaltetu egin ziren; batzuk lekuz aldatu eta beste batzuk lurperatuta geratu zirenez, Eibarko Udalak, albo-herriei adierazita, urriaren 4an eta 5ean konpondu zituen mugarriak, horretarako enpresa bat hartuta. Lanak Klub Deportiboko kide baten gidaritzapean egin ziren. 2022ko urriaren 19an egindako bilkuran, Ego Ibarra batzordea gaiaren inguruan aritu zen, eta Hirigintza Batzordeari,  herriko  mugarri guztiak babeste aldera, HAPO berriaren katalogoan sartzea eskatu dio, Euskal Kultura  Ondareari buruzko 6/2019 Legearen 3. artikuluak udalei babeserako hirigintza-katalogoak idatzi eta kudeatzeko ematen dizkien eskumenetan oinarrituta.

Mugarrien kasuan, elkarren ondoan dauden herrien  sorrera seinalatzeaz gain, herri bakoitzaren lur-mugak adierazten dituztenez, interes historiko handikoak dira, ezbairik gabe. Ez dira harri zahar hutsak. Horrexegatik eskatu da Eibar, Soraluze, Bergara, Elgeta, Zaldibar, Ermua, Mallabia, Markina eta Elgoibar herriek muga egiten duten lekuetako mugarriak herriko HAPOren Katalogoan jasotzea, babesteko, gure historiaren lekukoak dira-eta.