Eibar foball taldeak gaur Hospitaleten maila igotzea espero du

Eibar foball taldeak gaur Hospitaleten maila igotzea espero du
2013/06/28 eta kitto!
Gaur (domeka, hilak 30) 20.00etan jokatuko den L'Hospitalet eta Eibar K.E.-aren arteko partidua erabakiorra izango da talde armaginarentzat, irabaziz gero Eibar kirol elkarteak maila igoko baitu. Aurreko asteburuan Eibar K.E. Ipuruan 3-0 nagusitu eta gero, gaur maila igotzea galarazteko Hospitaletekoek 4 goleko abantailarekin irabaztea beste aukerarik ez dago. Horregatik, norgehiagoka amaitu arte ezer erabakita ez dagoen arren, gauzak asko okertu beharko lirateke igoera ez lortzeko eta, horregatik, zaletuak benetan itxaropentsu daude, oraingoan "aurten bai" inoiz baino ozenago esanez. Gaurko partidua ETB-k zuzenean emango du, baina herrian bizi den giro bereziarengatik Astelena frontoian pantaila ipiniko dute, norgehiagoka han ikusi nahi dutenentzat. Frontoiko ateak partidua hasi baino ordubete aurretik, 19.00etan zabalduko dituzte.
Hospitaletera lau autobus irten dira, eibartarrak partiduan animatzera joandako 250 zaleturekin. Horiei euren kabuz joandako beste zaleak gehitu behar zaizkie.

Ustekabe ospakizunean
Bestalde, Eibar K.E.ak gaur maila igotzea lortzen badu, Ustekabe fanfarreak bihar (astelehena, uztailak 1) egingo den ospakizuna musikarekin alaituko duela aurreratu du. Hainbat tabernariren ekimenez txarangak erdialdeko kaleak girotzen jardungo du 18.00etatik aurrera. Musikariek azaldu dutenez, "2. mailarako igoera taldearen historiara pasatzea espero dugu eta une horretan Ustekabe hor egotea benetan berezia eta hunkigarria izango da guretzat”.