Eibar foball taldeko emakumezkoek Euskaltelen babesa izango dute

Eibar foball taldeko emakumezkoek Euskaltelen babesa izango dute
2020/10/22 eta kitto!
Euskaltel Eibar Kirol Elkartearen emakumezkoen taldearen babesle ofiziala izango da, aste honetan, martitzenean Amaia Gorostiza Eibar KEko lehendakariak eta Xabier Iturbe Euskalteleko lehendakariak babes-akordioa sinatu eta gero. Horren arabera, foball taldeko jokalarien elastikoan Euskaltel marka agertuko da. Gainera, enpresa telekomunikazio-operadorea denez, klubaren babesle teknologiko izaten jarraituko du.

Azaldu dutenez, Eibar KEaren emakumezkoen taldearen aldeko apustua Euskaltelek kirolean eta parte hartzen duen gainerako ekimenetan berdintasuna bultzatzeko duen borondatearen ondorioa da. Xabier Iturbek enpresaren Berdintasun Planaren garapenean sartu du akordio hau: “Enpresa gisa esparru guztietan aukera-berdintasuna sustatzeko dugun erantzukizunaren isla da. Alde horretatik, Euskaltelek emakumeen kirola sustatzen jarraituko du, eta berdintasunarekiko konpromisoa bultzatzen, gure konpainiaren balioen isla delako”.