Eibar FT-k galdu egin du eta urrutiago ikusten du salbazioa

Eibar FT-k galdu egin du eta urrutiago ikusten du salbazioa
2021/04/22 21:01
eta kitto!
Eibar FT esku hutsik itzuliko da Granadatik 4-1 galdu ondoren eta gero eta zailagoa izango zaio mailari eustea. Talde andaluziarrak eraginkortasun handia erakutsi du eta talde gorriurdinak baino askoz ere jaurtiketa gutxiago egin arren, lau aldiz zulatu du Dmitrovicen atea.

Granada 2-0 aurreratu da lehen zatian, baina aldageletatik itzuli direnean Eibarrek jarrera ausarta erakutsi du. Kike Garciak aldea murriztu du gol bikain batik esker, baina eibartarren minutu onenak jokatzen zirenean Soldadok gorriurdinen huts bat aprobetxatu du aldea handitzeko, eta Kenedyk beste huts bati etekina atera dio laugarrena sartzeko.

Eibar FT-k bost puntura du Valladolid, jaitsiera postuetatik kanpo dagoen lehen taldea, baina valladolidtarrek partidu bat gutxiago jokatu dute. Mendilibarren taldeari sei partidu falta zaizkio liga amaitzeko eta hurrengo jardunaldian Reala jasoko du Ipuruan, astelehenean, 21:00etan.