Eibar FT-ko zaletuek 900 sarrera erosi ahal izango dituzte Alavesen aurkako partidua ikusteko

Eibar FT-ko zaletuek 900 sarrera erosi ahal izango dituzte Alavesen aurkako partidua ikusteko
2023/01/30 11:17
eta kitto!
Datorren zapatu gauean, 21:00etatik aurrera, Mendizorrotzan jokatuko den Alaves-Eibar partidurako Gasteizko klubak 900 sarrera bidali ditu Eibarrera. Horietako 510 salgai jarriko dira bihartik aurrera Orsaixan klubaren dendan eta beste 390 Premier Class Bidaiak klubaren bidaia-agentzia ofizialean salduko dira bertatik antolatu baita bidaia autobusean. Orsaixan gunean sarrerak eskuratzeko aukera izango da eguen eguerdira arte honako ordutegian: 09:30-13:30 eta 15:30-19:00. Premier Bidaiak-ekoek, bestalde, prestatutako autobusak eguerdian (12:00etan) eta arratsaldean (17:30) irtengo dira; itzulerak txanda bakarra izango du, partiduaren amaieran. Autobusen prezioa 18 eurokoa izango da eta horri sarrerarena gehitu behar zaio, beste 20 euro. Bidaiak-en ere bihar hasi eta eguen eguerdira arte erosi ahal izango dira sarrera horiek.

Zapatuko partiduari begira, gaur atsedena hartuko dute Gaizka Garitanoren mutilek, baina bihar, etzi eta etzidamu goizez entrenatuko dute: bihar eta etzi Atxabalpen (11:30ean eta 11:00etan, hurrenez hurren) eta etzidamu Ipuruako anexoan, 11:30ean hasita. Partiduaren bezperako entrenamendua, barixakukoa, arratsaldez izango da, 16:00etatik aurrera, Atxabalpen.