Eibar Igerixan taldeko 11 ordezkarik lan bikaina egin zuten XXX. San Marcial Sarian

Eibar Igerixan taldeko 11 ordezkarik lan bikaina egin zuten XXX. San Marcial Sarian
2023/05/04 eta kitto!
Aurreko zapatuan Azken Portu kiroldegian jokatutako San Marcial Sariaren 30. edizioan zazpi emakumezkok eta lau gizonezkok osatutako taldea aurkeztu zuen gure herriko igeriketa klubak, lan bikaina eginez eta guztira 14 domina irabaziz: zilarrezko sei eta urrezko eta brontzezko launa. Irabazleen esparruan nabarmentzekoa izan zen beste behin Paula Calvok egindako marka, infantil mailako igerilari onena izendatu baitzuten. Ez alperrik, 50 metroko bizkar proba eta 400eko eta 200eko libre erakoak bereganatu baitzituen. Miren Galdosek ere 100 bizkarrekoa irabazi zuen.

Eibar Igerixaneko “hamaikakoa” Miren Galdos, Asier Gomez eta Ekaitz Lagok osatu zuten senior mailan, Maddi Maguregi, Malen Beobide, Maialen Gomez eta Igor Ruiz junior mailan, eta Paula Calvo, Nora Guinea, Itsaso Castrillo eta Julen Canalesek infantiletan. Aipatutako lau garaipenekin batera, Galdos bigarren izan zen 200 bizkarrean eta postu bera lortu zuten Ruizek (100 bizkar eta 200 libre), Gomezek (100 libre), Lagok (200 libre) eta Maguregik (200 estilo). Hirugarren postuetan sailkatu ziren Gomez (200 braza), Ruiz (50 libre), Maguregi (50 tximeleta) eta Guinea (200 bizkar).