Eibar KE-k bihar jarriko ditu salgai Tenerifen aurkako partidurako txartelak

Eibar KE-k bihar jarriko ditu salgai Tenerifen aurkako partidurako txartelak
2022/05/16 eta kitto!
Asteburuan Leganesi 2-3 irabazi ondoren, Eibar KE-k neurketa erabakigarria jokatuko du zapatuan, 22:00etan, Teneriferen aurka Ipuruan. Emaitzek laguntzen badiote, Lehen Mailara igotzeko txartela lortu dezake zapatuan bertan edo, gutxienez, helburua lortzeko zorian geratu daiteke partidu baten faltan, eta zaletuen babesa ezinbestekoa izango da Gaizka Garitanoren mutilentzat.

Azken neurketetan gertatu den bezala, Ipurua zalez betetzea da Eibarren nahia eta, horretarako, bihar, 09:30ean, zapatuko partidurako sarrerak salgai jarriko ditu abonatuentzat, 10 eurotan, Orsaixan dendan edota sdeibar.com webgunean. Bazkide bakoitzak bi sarrera erosi ahal izango ditu eta, edukiera betetzen ez bada, eguenean saldu barik geratutako sarrerak salgai jarriko dituzte Orsaixan dendan.

Partidua 22:00etan jokatuko denez, Eibar KE-k adierazi du umeak diren bazkideen txartelak helduek erabili ahal izango dituztela.