Eibar KE-ko lehen taldeek zapatuan jokatuko dituzte euren partiduak

Eibar KE-ko lehen taldeek zapatuan jokatuko dituzte euren partiduak
2022/03/25 eta kitto!
Iberdrola Ligako emakumezkoen taldeak hain beharrezko dituen puntuen bila jokatuko du bihar, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Sevillaren aurka andaluziarren foball zelaian. Ana Junyent kaleratu ondoren, bere tokia hartu duen Jordi Ferron entrenatzaile berriak erronka zaila izango du gaur egun jaitsiera postuetan dagoen taldea hortik atera eta mailari eusteko, liga amaitzeko sei jardunaldi besterik ez direlako falta. Harrapatzeko gertuen dauden Valentzia eta Huelvako Sporting taldeak bost puntura dituzte eibartarrek.

2. Mailako Smartbank Ligan jokatzen duen gizonezkoen taldeak, bestalde, lau ordu geroago jokatuko du bere partidua, Ipuruan sailkapeneko erdialdean dagoen Lugo hartuz. Bihar 16:00etan hasiko den neurketa horretan lidergoari eutsi nahiko diete Gaizka Garitanoren mutilek, liga amaieran lehenengoko bi postuetan geratzeak sari potoloa duelako: iaz galdutako maila berreskuratzea, hain zuzen.