Eibar KE-ren emakumezkoen lehen taldea igoera postuan kokatu da

Eibar KE-ren emakumezkoen lehen taldea igoera postuan kokatu da
2023/03/28 eta kitto!
Azken jardunaldian izandako emaitzeko lagunduta, eta Eibarrek azken sailkatuaren zelaian 0-1 irabazi ondoren, Yeray Martinek zuzentzen duen taldea zuzenean igotzeko postuan kokatu da liga amaitzeko sei partiduren faltan. Bartzelona B-k ihes egin badu ere, talde horrek ezin du igo (goian lehen taldea duelako) eta Eibar KE da orain bigarren, 43 punturekin. Atzetik ditu Deportivo eta Osasuna 42rekin, Granada 41ekin, eta DUX Logroño eta Cacereño 40rekin. Ikusten denez, inoiz baino parekatuago dago seikote hori, igoera postua oso borrokatua izango den seinale.

Hurrengo partidua Unben izango dute eibartarrek, domeka eguerdi aldean sailkapenaren erdialdean dagoen , Albacete Fundazioa hartuz, 11:30etik aurrera. Partidu hori prestatzeko lanetan, atzo atseden hartu eta gero, gaur 11:30ean Ipuruako anexoan izango dute lan-saioa, bihar ordu berean Unben izango da hurrengoa, etzi ere Unben izango dira baina 12:00etatik aurrera, barixakuan atseden hartuko dute, eta zapatuan, azkenik, 11:00etan egingo dute partidu aurreko azken entrenamendua.