Eibar KE-ren maskotaren izena erabakitzeko bozketa egingo da

Eibar KE-ren maskotaren izena erabakitzeko bozketa egingo da
2023/03/28 eta kitto!
Eibar KE-k masota berria izango du laster eta, bere izena erabakitzeko, bozketa egingo dute klubaren webgunean apirilaren 16ra arte. Hauek dira proposatu dituzten hiru izenak: Armagin, Astogintxo eta Pantxika.

Maskota berria astoa izango da eta, horren bitartez, taldearen balio batzuk bildu nahi izan dituzte: lana, iraunkortasuna, apaltasuna eta sinpatia. “Astoak oso presente egon dira Eibarren historian. Langile nekaezinak, baserrietako lanik gogorrenetan lagundu dute. Duela mende bat eskas, Akondia eta Garagoitiren magalean bizi ziren, eta haien ahaleginari esker garia eta artoa landatzen ziren batez ere. Gaur egun, inguru hartan zeuden berrogeita hamar bat baserrien erdia baino ez dira geratzen. Zerealak ere ez dira ia landatzen, arto pixka bat bakarrik, eta astoak ere galzorian egon dira. Gure maskotak Eibar gaur egun den horretara aldatzea ahalbidetu zuten asto guztiak omendu nahi ditu. Animalia langile eta atsegina, saiatua eta otzana, eta oso azkarra”, Eibar KE-ren berbetan.