Eibar-Nabarniz ibilaldiaren 42. edizioa egin da asteburuan

Eibar-Nabarniz ibilaldiaren 42. edizioa egin da asteburuan
2018/10/29 eta kitto!
Eibar eta Nabarniz arteko 28 kilometroak oinez lotu zituzten 42 urtez jarraian Athletic Nabarniz elkarteak antolatutako ibilaldian. Lagunarteko ibilaldi bezala sortutako ekimena tradizio bihurtu da hainbat mendigoizalerentzat.

Zapatuan 06:00etan Nabarnizetik autobusean irten eta Gernika-Lumon mendizale batzuk jaso eta gero, 16 lagun Eibarrera ailegatu ziren ibilaldia hasteko. Zengotitagane (826 metro), Oiz (1.029 metro), Ganbe (396 metro), Astorkigana (235 metro), Kanpona (504 metro), Miñarria (435 metro) eta Arrola (532 metro) zeharkatu zituzten 28 kilometroko ibilaldian.

Tradizioari jarraituz, Oizeko San Kristobal ermitan salda beroa hartu zuten parte-hartzaileek, eta gero, Munitibarreko Astorkiganan indarrak berritu zituzten hamarretako goxoarekin. Ibilaldia amaitu eta gero txikiteoa egiteko aukera izan zuten parte-hartzaileek, eta Aboitiz jatetxean bazkaldu zuten ondoren.