Eibar Rugby Taldea zazpigarren sailkatu zen A Coruñan jokatutako Erreginaren Kopako lehen jardunaldian

Eibar Rugby Taldea zazpigarren sailkatu zen A Coruñan jokatutako Erreginaren Kopako lehen jardunaldian
2022/05/03 eta kitto!
Aurreko asteburuan A Coruñan jokatutako Seven modalitateko Erreginaren Kopako hasierako jardunaldietan, Eibar Rugby-k hiru partidu irabazi zituen eta beste hiru galdu, azkenean zazpigarren postua eskuratzeko. Zapatuan eibartarrek 22-5 irabazi zioten Industriales taldeari eta 26-14 Leoni, egun horretako azken partiduan Majadahondarekin 14-22 galtzeko. Domekan, bestalde, Cisnerosekin 5-12 eta etxean jokatzen zuen CRAT-ekin 7-12 galdu eta gero, zazpigarren eta zortzigarren postuak jokoan zeuden partiduan eibartarrak erraz nagusitu ziren Sevillaren aurrean (31-7).

Sant Cugat nagusitu zen A Coruñako Campo de la Torren jokatutako Kopako lehen jardunaldian, final borrokatuan Cisnerosi denbora extran 24-19 irabaziz. Hirugarren posturako Majadahonda 17-15 gailendu zitzaion Les Abellesi eta, bosgarren postua jokoan zegoen norgehiagokan, Turiak 7-5 irabazi zion CRAT taldeari. Partidu borrokatuak, beraz, guzti-guztiak.

A Coruñako sailkapena honela geratu zen: Sant Cugat, 22 puntu; Complutense Cisneros, 19; Majadahonda, 17; Les Abelles, 15; Rugby Turia, 13; CRAT A Coruña, 12; Eibar RT, 10; CDU Sevulla, 8; Olimpico de Pozuelo, 7; ADI. Industriales, 5; Sanse Scrum, 2; eta Leon, batekin.

Erreginaren Kopa horretan parte hartzen duten estatuko 12 talde onenek bigarren jardunaldia biziko dute asteburu honetan Sant Cugat-en.