Eibar Rugby Taldeak garaipen bikaina eskuratu zuen Sant Cugat-en zelaian (12-27)

Eibar Rugby Taldeak garaipen bikaina eskuratu zuen Sant Cugat-en zelaian (12-27)
2023/01/23 eta kitto!
Cristina Guntinen taldeak lehen itzulian kataluniarren aurka Unben galdu zutela-eta, gauza izan ziren oraingoan mendekua hartzeko eta ondo landutako nagusitasuna erakutsi zuten partiduan zehar. Hasieratik jarri zen aurretik Eibarko taldea eta, kataluniarrek berdindu eta gero, atsedenaldirako 5-15 aurretik joatea lortu zuten. Sabrina Poulinek bitan eta Esther Garcia; Sanna Aumua eta Aleu Cid-en entseguekin batera, Amaiur Mayoren gauzatzeak garaipena eman zien eibartarrei. Hori bai, Kopland Zeelanda Berriko jokalariak min hartu zuen partidua amaitzeko hamar minutu falta zirenean eta ospitalera eraman behar izan zuten. Gaur egin behar zizkioten probek zehaztuko dute zenbateko lesioa duen.

Denboraldia hain gaizki hasi zuen taldeak aurrerapausua eman du sailkapenean eta orain bosgarren da, CRAT Coruña eta Olimpico de Pozuelo puntu bakarrera baditu ere. Sant Cugat berak eibartarrek baino hiru puntu gehiago ditu bakarrik.